Udaleko Euskara Batzordeak 2014 urterako egin duen diru-laguntzen deialdiaren barruan, aisiako begirale eta zuzendari izateko eta unibertsitateetako euskarazko ikastaroetarako diru-laguntzak onetsi ditu eta 1.350 euro eta 400 eurorekin hornitu ditu, hurrenez hurren. Aurreko irailaren 1a eta aurtengo abuztuaren 31 bitartean begirale ikastaroa hasi eta bukatu duten herritarrek, matrikularen % 50 arteko (250 euro gehienez) beka jasotzeko aukera dute, baldin eta ikastaroa euskaraz eta Eusko Jaurlaritzak homologatua izan baldin bada eta alderdi teorikoa gainditu baldin badute. Zuzendari ikastaroa egin dutenen artean, berriz, baldintzak berdinak dira eta bekaren gehienezko kopurua 150 eurokoa da. Dagokion ikastaroa bukatu eta hurrengo hamabost egunen barruan aurkeztu beharko du interesatuak eskaera. Beranduenez urriaren 31n. Unibertsitateko ikasleek, langabetuek edo erretiratuak direnek, berriz, udan unibertsitate bateko uda-ikastaroa euskaraz eginez gero, matrikularen %50 arteko diru-laguntza jaso ahal izango dute. Bekak soilik matrikulako gastuak estaliko ditu.
Eskaera-orriak Udalaren weban daude edo euskara zerbitzura hurbilduta jaso ahal izango dira. Informazio gehiago 943376184 telefonoan.