Aniztasuna lantzeagatik aitortza

Txintxarri Aldizkaria 2014ko uztailaren 15a

Herrian 70 jatorri ezberdinetako jendea bizi da eta aniztasun hau lantzeko helburuarekin udalak lan ildo zehatza gauzatu du. Lan hau eskertu eta horretan jarraitzeko bultzatzeko Martin Garitano Ahaldun Nagusiarekin ekitaldia izan da Udaletxean. Honetan parte hartu dute aniztasuna lantzeko bilera eta ekimenetan egon diren herriko elkateetako kideak besteak beste.

Udal batzar aretoan egin den ekitaldia Kukuka eta Semblante Andaluz elkarteetako dantzariek hasi dute euskal dantza eta flamenkoa uztartzen dituen dantza eskainiz. Koreografia hau, Pirritx eta Porrotxen "Amona Maria Luisa" kantarentzat prestatu eta gaur ekitaldira bertaratutakoei eskaini diete aniztasunaren adibide gisa.

Jarraian, Pablo Barrio Alkateak hitza hartu eta koloretako betaurrekoak jarri dituela esan du. Alkate izendatu zutenean, herrian hainbesteko aniztasuna zegoela ez zekiela aipatu du, 70 herrialdetako jendeak osatzen bait du Lasarte-Oria. Aniztasunaren lanketak errealitatea erakutsi du eta harremanetan jarri ditu herriko komunitate ezberdinak. Lan horretan sakondu eta jarraitzeko asmoa azpimarratu du ere.

Harreman horien lekuko eman dute “Anitzen sarea” egitasmoan parte hartzen duten elkarte batzuetako kideek, guztira 35 elkarte daude. Horrela, esperientzia zein aberatsa den aipatu du Kukukako Maider Oiartzabalek, Ttakuneko Tomas Arrizabalagak, Banaiz Bagarako Petra Elser, Sasoetako gurasoek, Semblante Andaluzeko kideek eta Porrotxek. Gehienen ahotan elkar ezagutza eta harremanerako zabaldutako tarteaz gain, euskarak lanketa honetan duen bidea ere izan da.

Martin Garitano, Ahaldun Nagusiak herritarrak zoriondu nahi izan ditu “aniztasuna eta integrazio errealaren” alde egindako lan guztiagatik eta horrela jarraitzeko gonbitea luzatu die udalari zein herriko elkarte eta eragileei.

Ekitaldiari amaiera eman diote Xumela eta Banaiz Bagarako kideak bi abestiekin. Bertaratutako guztiak dantzan jartzea lortu dute.