Buruntzaldea IKT-ko gazteek absolutu, junior eta infantil mailako Euskal Herriko txapelketetan izan dira asteburu honetan Gasteiz eta Santurtzin. Txapel, domina eta Espainiako txapelketarako hainbat marka gutxieneko lortu dituzte hauetan.
Absolutu eta junior mailako gazteak Gasteizen izan ziren igerian. Lan ederra egin zuten guztiek denboral hobetuz. Iñigo Ibarburuk 100 metro tximeleta proban absolutu eta juniorretan garaile izan zen eta bere marka pertsonala hobetu zuen. 50 m. tximeleta, 200 m. tximeleta eta 200 m. estilo probetan junior mailako txapela eta absolutu mailako zilarra lortu zituen. Gainera azken proba honetan Espainiako txapelketarako gutxieneko marka ere lortu zuen.
Mikel Esnal 50 m. libre proban maila goreneko bigarren izan zen eta Estatuko txapelketako txartela eskura izan zuen proban zehar, azkenean ezin izan zuen lortu. Hala ere, 100 m. libre proban arantza kendu zuen bere marka hobetu eta Espainiako txapelketarako txartela lortuz. Hau guztiaz gain, 50 m. tximeleta eta mutilen bi errelebuetan bere markak hobetu zituen. Jone Vazquezek proba luzeetan parte hartu zuen. 1.500 m. proban marka pertsonala eta junior mailako brontzea eskuratu zuen. Proba honetako 400 m. eta 800. metroetako paseetan ere denbora hobetu zuen. Eta 800. m libre proban bere marka hautsi zuen berriro ere.
Itsaso Tolosak junior mailako 100 m. eta 200 m. bizkar probetan zilarrezko postua eskuratu zuen. Errelebuetan ere ez ziren gaizki ibili taldeko mutilak eta estilo libreko proba guztietan eta 4x80 m. estilo proban taldeko markak hobetu zituzten.
Markak
Infantil mailako gazteek, berriz, bi urrezko domina, brontzezko bat eta markak berriak eraman zituzten etxera. Azpimarratzekoa da Nahia Jie Villamedianak 100 m. bizkar eta 200 m. estilo probetan lortutako garaipena. Leire Carcedok 50 m. bular probako bere marka azko hobetu zuen. Eta nesken errelebuak ere bikain ibili ziren. 4x100 m. estilo probako neskek bron-tzezko postua eskuratu eta taldeko marka hobetu zuten. 4x100 m. libre probako neskek ere taldeko marka berria ezarri zuten.
Gipuzkoako txapelketa
Bestalde, herriko jaietan murgilduak ginela, Buruntzaldea IKT-ko gazteak Gipuzkoako Txapelketan lehian izan ziren Tolosan eta marka eta domina mordoa eskuratu zituzten. Borja Apeztegia entrenatentrenatzailearen ustetan emaitzarik azpimarragarrienak hauek izan ziren: Naiara Lizasok 50 m. libre eta 100 m. libre Espainiako gutxienekoak lortu zituen eta Junior eta Absolutuen Espainiako Txapelketan izango da Bartzelonan Iñigo eta Itsasorekin batera. Marka gutxienekoekin jarraituz, Iñigo Ibarburuk Espainiako txapelketarako bi gutxieneko berri lortu zituen, 200 m. tximeleta eta 100 m. bizkar probetan.
Infantil mailako gaztetxoek domina batzuk ere lortu zituzten. Enara Arrutik hiru domina eskuratu zituen. 50 m. bular proban irabazle izan zen eta 100 m. eta 200 m. bular proban brontzezko dominak. Nahia Jie Villamedianak ere brontzea eskuratu zuen 100 m. bizkar proban eta proba berean Nora Irazusta laugarren izan zen. Leire Carcedok zilarra eskuratu zuen 50 m. bular proban. Marka pertsonalei dagokionez, Mikel Esnalek igeri egindako proba guztietan, 50 m., 100 m. eta 200 m. libre eta 100 m. bizkar probetan marka pertsonalak egin zituela aipatu beharra dago. Janire Berasartek 100 m. libreko marka hobetu zuen, Nora Irazustak zazpi marka pertsonal lortu zituen, esanguratsuenak 100 m. bizkar eta 200 m. bizkar probetakoak. Garazi Alkortak 100 m. tximeleta eta 50 m. libreko markak hobetu zituen.
Beñat Alkortak ere bost marka pertsonal hobetu zituen esanguratsuena 200 m. estiloetako izan zen. Proba indibidualez gain, errelebuetan ere bikain aritu ziren igerilariak. Orain Iñigo Ibarburu, Itsaso Tolosa, Mikel Esnal eta Naiara Lizaso absolutu edo junior mailako Espainiako txapelketarako prestatzen ari dira. Iñigo Ibarburuk esate baterako, zazpi probatan parte hartu ahalko du. Markak hobetu eta lehen postuetan egotea izango da helburua.