Afizionatuetara jauzia emateko prest

jon-altuna-egitegi 2014ko uztailaren 13a

Buruntzazpi Txirrindularitza Eskolako lau ziklista datorren urtean afizionatu mailan arituko dira. Luis Sobejanok, Xuban Errazkinek, Jon Ander Unanuek eta Arkaitz Murillok azken urtea dute jubeniletan. Datorren urtean afizionatuen tropel zail eta azkarrean murgilduko dira, beldurrik gabe, baina errespetuz.

Fin daude Buruntzazpiko lau mutilak, aurpegia zorroztuta eta azala belztuta. Errepidean pasatako kilometro eta orduek ez dute gezurrik esaten. Berriki lau eguneko bi itzuli lehiatu dituzte, Gipuzkoakoa eta Bizkaikoa. Ez daude ohituta itzuliak jokatzera, normalean egun bakarreko probak lehia-tzen dituztelako, baina datorren urtetik aurrera dena oso ezberdina izango da.

Gizarteko gainontzeko alor guztietan bezala, krisia aspaldi iritsi zen ziklismora, eta talde gabezia dezentekoa da afizionatu mailan. Dena den, nonbait lekua topatzen saiatuko direla adierazi du Luis Sobejanok, iparra galdu gabe: “Jarraitzeko aukera badut, gustura jarraituko dut, baina argi daukat lehentasuna ikasketek dutela. Beste urtebetez korritzea gustatuko litzaidake, afizionatu maila ezagutu eta barrutik bizitzeko”.
Laurek dute ikasten jarrai-tzeko asmoa, Unibertsitatea, goi mailako gradua edo erdi-mailako ikasketak zain dauzkate eta txirrindularitza ikasketekin uztartzea da asmoa: “Ongi antolatuz gero  denetik egin daiteke, ikasi, lagunekin egon, entrenatu, bizikletaz gozatu...”, adierazi dute laurek.

Erasorako grina
Aurten denboraldi ederra osatu dute Bazpiko mutilek jubenil mailan. Lasterketa gehienetan sailkatu dira lehen hamarren artean eta borroka eta erasorako joera izan dituzte ezaugarri nagusi. 
“Hor ibili gara, lasterketa askotan ongi moldatu gara, baina esan daiteke ez dugula erakutsi barruan geneukan guztia karrera batzuetan, hala ere, lana eginda dago eta harro gaude”, adierazi du Jon Ander Unanuek.

Lehiakortasuna
Izan ere, lehiakortasun handia dago ziklismoan. Xuban Errazkinek hitz hauekin definitu du tropel barnean bizi-tzen dutena: “Konpetitibitate handia izaten da, beti dago norbait direnak eta ez direnak egiten dituena irabazteko. Guk ere ukalondoak sartu behar badira sartzen ditugu, ez pentsa”. Bizikletatik jaitsita adiskide, baina behin pedalei eragiten hasita ez dago lagunik tropelean. 

Entrenamendua
400 bat kilometro osatzen dituzte astean, asteburuko lasterketa barne. Larunbatean lehiaketa izanez gero, igandean hiru bat orduko rodaje lasai bat egiten dute. Astlehenetan normalean jai, asteartean beste hiru orduko saioa, baina serieak tartekatuta lautadan eta aldapetan. Asteazkenean motoaren atzetik ibiltzen dira eta ostegun eta ostiralean berriro erritmoa jaitsi egiten dute asteburuko lasterketei begira. 
“Txispa ematen dizuten entrenamenduak serie egunetakoak dira, baina ez da ahaztu behar deskantso eguna izugarri garrantzitsua dela, beste edozein entranamendu egun bezain garrantzitsua. Egun horretan bizikleta guztiz aparkatu beharra dago eta lagunekin erlaxatuta egoteko erabiltzen dugu gehienbat”, adierazi du Luis Sobejanok.

Ziklokrosa eta pista
Denboraldiaurrean berriz, lokatz artean edo Anoetako belodromoari jira eta buelta ibiltzen dira Bazpiko ziklistak.
Pistan espezialista da Arkaitz Murillo: “Pista ondo prestatu eta karreteran karrera batzuk soilik korritzen ditut. Egia da pistard garenontzat aukerak ez direla zabalegiak hemen. Gipuzkoan, Challengea egiten da neguan eta probintziako Txapelketa ere bai, baina gerora jarraitu nahiko banu kanpora joan beharko nuke”. 
Hilabete oso bat geldirik egon ostean, urrian hasten dute aurredenboraldia euren prestatzaileekin: denboraldia planifikatu, esfortzu probak egin... eta gehienek ziklokrosaren aldeko hautua egiten dute.
“Ziklokrosak teknika eta indarra ematen dizkizu eta oso baliagarri zaigu errepideko denboraldia prestatzeko”, esan du Xuban Errazkinek.

Dopin kontuak
Azken urteotan argitara atera diren dopin aferen erruz, fama txarra izabazia dauka ziklismoak jendartean.
“Txirrindularitza behar ez den moduan ikusten dute. Nonahi entzuten dituzu jendearen esamesak: Zer hartuko ote du honek? Niri ez zait burutik pasa ere egiten dopa-tzea. Oso nahastuta daude, irudi zikinegia du txirrindularitzak”, adierazi du ezintasun keinuak eginez Luis Sobejanok.
“Batzuen akatsengatik denok ordaintzen dugu. Dopina ez dago ziklismoan bakarrik, eta gainontzeko kirolarekin apenas entzuten da kritikarik. Gure kasuan, ez dakite ezer gutaz, eta kalean ikusi orduko juzgatzen zaituzte ziklista izateagatik. Dopatua zara. Hori ez da batere bidezkoa”, esan du Jon Ander Unanuek etsipen puntu batekin. 

Dietarik ez
Lau txirrindulariak saiatzen dira elikadura ohitura orekatu bat eramaten, baina dietarik ez dute egiten
 “Pisua garrantzitsua da bizikletan ibiltzeko, ez dago zalantzarik, batez ere aldapak pikotzen direnean... Baina ongi entrenatzen baduzu eta normal eta sano janez gero, pilatutakoa erretzen joango zara. Jakina goxkokiak, litxarreriak eta jaki frijitu asko ez ditugu jaten. Batez ere karbohidratoek osatzen dute gure dieta. Horiek dira garrantzi-tsuenak, pasta, arroza eta halakoak”, adierazi dute 18 urteko lau ziklistek.

BAZPI eskola
Pixkanaka pixkanaka, geroz eta ume gehiago dago Lasarte-Oria eta Usurbil artean banatzen den eskolan. Harrobia beraz ona da.
Krisi garai honetan, babesleak erakartzea izan ohi da lanik zailena talde xumeen-tzat eta ez da erraza izaten jendeak dirua jartzea.
Diruz ordantzen ez dena dena den, ilusioa izaten da. Bazpik Usurbilen eta Lasarten karrera bana antolatzen du alebin eta infantil mailan eta jubeniletara arte gaztetxoei bi gurpilen gainean pedalei eragiten aritzeko aukera ematen die. 
“Zenbat eta haur gehiago izan hobeto, futbolaz gain alternatibak badaudela erakutsi behar diegu gazteei”, adierazi du Jon Ander Unanuek.

Ramon Unanue gogoan
Aurten denboraldi zaila izan da Buruntzazpi Eskolarentzat. Hainbeste maite zuten Ramon Unanue prestatzailea galdu baitzuten azaroan.
“Espero ez genuenean, joan egin zen Ramon entrenatzailea, golpe gogorra izan zen guretzat, baina berak irakatsitakoa ez dugu sekula ahaztuko”, dio Luis Sobejanok
Unauek eskolaren alde egindako lan guztiaren froga da Usurbilgo kiroldegiko  gimnasioa. Arrabolak, pesak, pistako eta ziklokroseko bizkletak han gordetzen dituzte eta baita bestelako materiala ere. Ramon Unanue zenak erosi prestatu eta atondutako txokoa da.

Bi gurpilen gaineko ametsa
Aurten jubenil mailan denera zortzi ziklista aritu dira. Erreportaje honetan protagonista diren laurez gain, lehenengo urteko Koldo Velasco, Joseba Aduriz, Imanol Martinez eta Boris Campoo ere Bazpiko partaide izan dira. Bakoitzak bere asmoak, bere ametsak ditu ziklismoari dagokonez. 
“Nire helburua datorren urtean amateur mailan debuta egitea eta denboraldi honetan geratzen diren karreraren batean maila eman eta ingurukoek esan dezatela: begira mutil hau nola ibili den gaur”, adierazi du Sobejanok.
Xuban Errazkinek bestelako asmoak ditu: “Nire ame-tsa profesional mailara iristea da. Datorren urtean afizionatuetan ekipo on bat topatu nahi dut Gipuzkoan edo Gipuzkoatik kanpo eta ea zer moduz moldatzen naizen kategoria berrian. Txirrindulari helduagoekin lehiatzeak asko motibatzen nau”. 
Jon Ander Unanuek badu jadanik taldea datorren denboraldian afizionatu mailan lehiatzeko eta Arkaitz Murillok pistan ditu jarriak gorputz eta arima.
Tourra martxan den egunotan, milioika zaleren aurrean argi-foku guztiak euren gainean jarrita dituzte Christopher Froome, Alberto Contador eta Vincenzo Nibalik. Baina Buruntzazpiko txirrindularien idoloa beste bat da, etxekoa, Haimar Zubeldia.
Lana, lana eta lana. Eta ondoren, lan gehiago. Ez dago beste sekreturik ziklista ona izateko. Bizitzaren eskola da azken finean kirol hau.