Kukai dantza taldearen "Gelajauziak" emanaldia bertan behera

Txintxarri Aldizkaria 2014ko uztailaren 11

Hasi badira ere, hamargarren minuturako ezin izan dute Kukaiko neska-mutilek obrarekin jarraitu eguraldi txarra tarteko. Euri jasa indartsua bota du obrari ekin eta hamar minutura eta konturatzerako Okendo Plaza putzu bilakatu da.

Jendeak hasieran eutsi egin dio eserlekuetan aterkiak aterata eta dantzariak ere tinko saiatu dira euripean koreografia jarraitzen... Baina ezin denean ezin da. Musika ekipo eta bozgorailuak bustitzea gainera ez da komeni izaten eta dantzan jarraitzeko ezintasuna ikusita, Kukaiko kideek emanaldia eten eta barkamena eskatu die Gelajauziak ikustera hurbildi diren herritar guztiei. Udaletxeko arduradunek azaldu dutenez, emanaldia berriro egingo da, baina oraindik ez dago finkatuta data zehatzik. Euskal dantza tradizionaletik abiatuta, dantza garaikideko obrak egiten dituzte errenteriarrek eta ziur Lasarte-Oriara itzultzen direnean ikuskizun handia eskainiko dutela herriko kaleetan.