Santa Anarako ekintzak aurkeztu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2014ko uztailaren 10a

Udalak herriko bost elkarteekin batera agerraldia egin du Santa Ana karkaban jai egun honen inguruko ekintzak aurkezteko. Sendokik antolatzen duen azoka uztailaren 20an izango da eta aurten 30 urte betetzen ditu. Bestalde, Aterpeak egunarekin bat egin eta Santa Ana pintxoa izango dute egun horretan.

Santa Ana egunaren inguruan hainbat ekintza antolatu ohi dituzte herriko elkarteek. Santa Ana pala txapelketa esaterako martxan da, emakumeena San Pedroko partidekin egin da eta gizonezkoetan 9 bikotek parte hartzen dute. Txapelketaren final-erdiak ospatuko dira Loidi Barrengo frontoian, bai 21ean eta bai 22an.

Uztailaren 20ean Sendoki elkarteak antolatzen duen artisau azokaren txanda izango da. Aurtengoa 30. edizioa izaki bi gunetan banatuko dute azoka, Okendo plaza eta Antonio Mercero plaza. Lehenengo gunea gastronomikoa izango da eta 25 artisau postu izango dira honetan. Bigarren gunea berriz, lau taldetan banatuko da batetik herriko 13 artisau, 35 bolillera izango dira euren lanak erakusten beste tarte batean, 24 artisau postu izango dira gainontzeko produktuekin eta azkenik, artisau tailerrak egiteko aukera izango dute herritarrek.

Azokaren baitan omendua izango da Hilario Arbelaitz sukaldaria eta berari emango zaio Cesar Bozalek bereziki egindako aiztoa.

Parodia

Santa Ana egunean Ttakunek antolatuko du meza ondorengo hamaiketakoa, Erketzeko kideek dantza egingo dute Karkaban eguerdian eta gauean berriz, parodiaren txanda izango da. Ttakunek antolatuta, “ez da dohai berezirik behar ondo pasatzeko gogoa besterik ez” beraz herritarrak animatu nahi izan dituzte bertan aktore lanak egitera. Parodia 22:30ean Okendon izango da eta aurretik hainbat entsegu egun finkatuko dira, uztailak 15etik 17ra 18:00etatik 20:00etara, uztailaren 21etik 24ra 18:00etatik 20:00etara.

Egunean bertan ere entsegu orokorra egingo da Manuel Lekuonan 16:00etatik 18:00etara eta ondoren afaria Parodia antzeztu baino lehen Lasartearra elkartearen eskutik. Parodian parte hartzeko interesa duten herritarrek Ttakuneko bulegotik pasa daitezke, telefonoz deitu 943 37 14 48 zenbakira edota kultura@ttakun.com helbidera mezua bidali.

Egun honetarako Aterpeako kideak diren zazpi tabernetan bi eurotan salgai izango dute Santa Ana Pintxoa.

Elkarteetako kide eta udal ordezkariek herritarrak animatu nahi izan dituzte ekintza hauetan parte hartzera.