Ohiko udalbatzarrean hainbat izan ziren jorratutako gaiak. Hala ere, PSE-EEtik Nerea Artamendi ez zen egon, Bilduko Gorka Lizarraga ezta oporretan egoteagatik, EAJko Estitxu Alkorta kanpoan egoteagatik ere eta Plataformako Ana Prieto ezta ezbehar familiar batengatik.
Horrela izanda, ohi baino ordezkari gutxiagorekin, hirigintza arloko hainbat erabaki hartu ziren alderdien babesarekin, tartean Zarataingo proiektuarengatik udalak 400.000 euro inguru jasoko dituela jakitera eman zuen Nerea Sanchezek. Epe desberdinetan emango da diru hau, 221.000euro lehenengo zatia errepartzelazioa alkateak sinatu ostean. Sanchezek azaldu zuenez, "Bertako urbanizazioa gustoko ez dugu baina udalarentzat emaitza ona lortu dugu negoziazio luzeen ondoren. Dirua herria hobetzeko proiektuetara bideratuko da".
Kreditu aldaketei esker berriz, Tajamarreko errontondaren berrikuntza lanak, kiroldegian elbarrientzako aldagela eraikitzea, udalarenak diren lokal batzuen eraisteak egingo dira besteak beste.
Hala ere, eztabaida gehien piztu zen PSE eta PPk aurkeztutako mozioarekin. Honetan eskatzen zen Gorka Lizarragak bere epaiketaren kosteak, 1.223 euro berak ordaintzea. Iaz Ilargi tabernan gertatutako liskarrean zinegotziak udaltzain baten salaketa jaso zuen bere lana egitea oztopatu eta mehatxatu zuelakoan. Zinegotziaren aurkako lehenengo erabakiari errekurtsoa jarri eta kasu honetan, Gorka Lizarragaren aldekoa izan da epaia.
Egun horretan alkate lanak egiten zituenez, udaltzainen ardura berea zela arrazoitu du epaileak. Horrela izanda, alkatetzatik ordaindu dira zinegotziaren defentsa kosteak eta hau gogor kritikatu zuten alderdiek.
Vanessa Velez PPko zinegotziak onartezina zela adierazi zuen, oposizioari informazioa ez zitzaiola ematen ere salatu zuen eta gardentasunik ez zegoela. Horretaz gain, Pablo Barriori alkate izateko gaitasun falta leporatu zion.
Mozioa aurrera atera zen Bilduko lau ordezkarien botoa izan ezik, gainontzekoen babesa lortuta. Hala ere, kontu-hartzaileak esan zuen araudirik ezean, alkatetzako erabakia udalbatzarrean hartutakoari gailentzen zitzaiola.
Egunkaria hizpide
Bilkurako beste gaietako bat izan zen Bilduk aurkeztutako Egunkariako auzi ekonomikoari buruzkoa baina ez zen aurrera atera, PP eta PSE-EEko kideek aurka bozkatu zuten, Bildu eta EAJ alde eta Plataformako kidea abstenitu egin zen. Honetan elkartasun osoa adierazten zitzaien auzipetutako 8 kideei eta bereziki herrikoa den Fernando Furundarenari eta udaletxeak Gipuzkoako fiskaltzaren apelazio helegitea salatu eta eskatzen zuen auzia ixteko.
Udal kontu-hartzaileak hamar erreparo aurkeztu dituela aipatu zuen batzarreko azken gai bezala.
Martxelo Otamendi Egunkaria eta egun, Berriako zuzendaria, egon zen plenoan baina ez zen aurrera atera. EAJ eta Bilduk alde egin zuten, PP eta PSE-EE kontra eta Plataformako kidea abstenitu egin zen.