Lasarte-Oria Tratu On Bat saria abuztuaren 10ean

Txintxarri Aldizkaria 2014ko uztailaren 8a

Udalak Hipodromoarekin sinatu du gaur akordioa abuztuaren 10ean, “Lasarte-Oria Tratu On Bat” saria emateko. Azaldu dutenez, laugarren saria bat da alkateak berak herriko ostalari eta merkatarien ordezkaritza batekin emango duena. Herriko merkataritza sustatzeko udaletik lantzen ari diren kanpainaren baitako ekintza izango dela adierazi dute Hipodromoan bertan egindako agerraldian.

Alkateak Pello Urtasun Hipodromoko kudeatzailearekin sinatu du goizean elkarlanerako akordioa. Honen bitartez, herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko Tratu On Bat kanpainak bere tokia izango du udako zaldi lasterketetan.

Abuztuaren 10ean Lasarte-Oria Tratu On Bat saria emango du alkateak herriko ostalari eta merkatarien ordezkaritza batek lagunduta. Azaldu dutenez, eguneko laugarren saria izango da hau. Honekin Hipodromoa eta Lasarte-Oriaren harremana estutzeaz gain, herriko taberna eta denden eskaintza eta tratu ona azpimarratu nahi da.

Egun horretan kanpainaren irudia Hipodromoan jarriko da eta eskualdeko turismo eskaintza azaltzeko informazio gune bat ere. Bestalde, herriko 13 ostalarik eta Aterpeak bat egin dute ekimenarekin eta lasterketarako sarreren zozketekin babestu eta promozionatuko dute. Lasterketen programazioa herriko denda eta taberna hauetan egongo direla aipatu dute. Egun horretan 13 taberna horietara gerturatzen direnek bi kontsumizio baten prezioan eskuratzeko aukera izango dute Hipodromoko sarrera erakutsita. Lasterketetara gerturatzen direnen artean promozio honen berri emango du Hipodromoak.

Hipodromoaren aldetik, Pello Urtasun pozik azaldu da akordioarekin, izan ere, Donostia izan arren, jakitun dira lasterkari, langile eta bisitari askok geldialdia egiten dutela herrian. Batzuk bertan bizi direla ere azpimarratu du eta funtsezkotzat jo du halako elkarlana. 

Bi aldeek esperientzia ona izatea espero dute “datozen urteetan errepikatzeko modukoa”. Aterpeako lehendakariak eskerrak eman nahi izan dizkie ekimena aurrera ateratzeagatik eta ostalariek ere euren babesa azaldu dute agerraldira bertaratzen.