Gaur eguerdian Lasarte-Oriako Udalak eta Udako Txokoetako lagunek ongi etorri berezia egin diete saharar haurrei. Udaletxe berriko sotoan eta Okendo plazan ekitaldi ederrak izan dira.
Abdalahi, Mrabih, Teslem Mohamed, Hilifa, Naziha eta Saida izan dira herriko gaztetxoen adeitasuna jaso dutenak. Teslem Kamal berriz Donemiliagako kanpaldian dago eta ezin izan da jaialdi txiki honetan egon.
Udaletxe berriko sotoan Pablo Barrio alkatea eta Porrotx izan dira harreran, baita Udako Txokoetako haurrak ere. Izan ere, hauekin igaroko baitute uztaila eta abuztua osoa.
Magia, opariak eta dantza
Lehenik, Porrotx pailazoak bihurrikerien artean, magia emanaldia eskani die gaztetxoei. Saharar haurrentzako opari bat ere bazuen prestatua, pailazoen kamisetak.
Jarraian, alkateak "Saharako enbaxadoreei" ongi etorria egin eta Udaletxearen izenean hainbat opari banatu dizkie. Udako Txokoetako lagunek ere haien harritxoa jarri dute eta opari bana ere egin dizkiete haurrei.
Udaletxetik atera eta Udako Txokoetako haur eta gaztetxoek Saharako haurrentzako ezusteko bat zuten prestatua Okendo plazan.
Lehenik agurra dantzatu diete helduenek eta ostean, txikienek Txulalai eta Pitx. Euriak jaialdia eten du, baina guztien ongi etorri beroa jaso dute haurrek.
Harrerako argazkiak.