Oporretan euskaraz irakurtzeko aukera

Txintxarri Aldizkaria 2014ko uztailaren 7a

Ikasturte berrian irakurle txokoa bueltan izango da bere hileroko hitzorduarekin. Dagoeneko ordea, Uxue Alberdiren laguntzaz, lehenengo irakurgai zerrenda bat osatu dute oporraldia irakurtzeko probestu nahi duten herritarrek aukera izan dezaten. Asmoa, lehenengo ikasturtean egin bezala, hainbat saiotara idazlea ekartzea izango dela aurreratu dute.

Iazko irailean aurkeztu zen Villa Mirentxun irakurle txokoa. Estreineko ikasturtean arrakasta izan dute literaturaz hitz egiteko hitzorduek eta egindako solasaldietara asko izan dira gerturatu diren herritarrak. 

Lehenengo saioek izan zuten bereziki parte hartze handia, ondoren, parte har-tzaile kopurua egonkortu eta hogei inguru izan dira modu finkoan bertaratu diren herritarrak. Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak gidatu ditu taldearen solasaldiak eta ikasturtea, maiatzean bukatu zuten Alberdi beraren azken lana aztertzen.

Tartean, Miren Agur Meabe, Harkaitz Cano, Eider Rodriguez eta Irati Jimenez idazleak etorri dira solasaldi hauetara euren lanen inguruan irakurleekin gogoeta eta hausnarketak elkarbanatzera. 
Batez ere idazleekin egindako bilerak esperientzia aberasgarria izan direla aipatu dute parte hartzaileek. Horregatik, gogotsu daude hasitako ibilbideari jarraipena emateko.

Euskaraz irakurri
Txokoaren helburuen artean, Lasarte-Orian euskarari beste gune bat eskaintzea zen, euskal literatura gerturatu eta bide batez, herritarrak euskaraz irakurtzera animatzea. Hasitako bidearekin pozik, ikasturte berriari begira, txokoan parte hartu duten herritarrak Uxue Alberdirekin batera, ari dira idazle eta irakurgaiak aukeratzen. Berriki argitaratutako lanak hautatu dituzte horien artean.

Zerrendan hainbat aldaketa egon daitezkeen arren, irakurgaiak zeintzuk izango diren zabaldu nahi izan dute. Izan ere, jakitun baitira literaturazaleek oporretan hainbat irakurgai izango dituztela esku artean eta aukera horien artean, euskarazko eleberriak ere egotea sustatu nahi dute taldeko kideek. 

Horrela izanda, taldeak Bernardo Atxagaren “Nevadako egunak” hautatu du lehenengo irakurgai bezala. Ondoren, Lander Garro Oreretako idazlea gonbidatuko dute “Gerra txikia” maiatzean aurkeztutako bere azken eleberriaz hitz egitera. 

Klasikoei ere tartea egingo diete eta kasu honetan, Jon Mirandek 1959an idatzitako “Haur Besoetakoa” lana aukeratu dute. Bestalde, Mari Luz Esteban etorriko da “Amaren heriotzak libreago egin ninduen” eleberriaz hitz egitera. 

Saiakera bat ere sartu dute irakurgai zerrenda honetan, hainbat idazleren “genero ariketak” lana eta ondoren, Danele Sarriugarterekin hi-tzordua izango dute “Erraiak” bere lehenengo lanaz hitz egiteko. Honek 2013an Igartza beka eskuratu zuen eta orain hilabete batzuk argitaratu zuen oso harrera ona izan duen eleberria. Annie Ernauxen “Pasio Hutsa” eta Jule Goikoetxearen “Tractus” izango dira azterketarako aurreikusitako beste bi lanak.

Irakurle txokotik, datorren ikasturtean egingo diren solasaldietan parte hartzeko gonbidapena luzatzeaz gain, herritarrak euskaraz irakur-tzera animatu nahi dituzte literatura proposamen hauekin.