Iragana ikertzen jarraitzeko babesa

Txintxarri Aldizkaria 2014ko uztailaren 4a

Udalak eta Islada Ezkutatuak taldeak elkarlan hitzarmena berritu dute arratsaldean. Pablo Barrio alkateak azaldu duenez, Gipuzkoako Aldundiak subentzio programa bat jarri du abian probintzian Gerra Zibilean gertatutakoak ikertzen eta argitzen laguntzeko.

Islada Ezkutatuak taldearen jarduna eta "emaitza onak" ikusita, Udalak Aldundiari eskaera egin eta taldearekin elkarlanean jarraitzeko asmoa azaldu du.

Etorkizuneko lan-ildoak
Islada Ezkutatuak taldeko Mailu Arrutik azaldu du euren lanaren jarraipena lau alorretan banatuko dutela.
"Batetik, presa gehien duena, lekukotzak jaso nahi ditugu, zuzenak zein zeharkakakoak. Inguruko herrietako artxiboekin lanean jarraitzeko asmoa ere badugu, eta aurrerago agian Salamancako artxibo militarrean begiratzera joango gara. Aurten ere, etxez etxe banatuko duten diptiko informatibo bat prestatuko dugu eta azkenik, berrikuntza gisa, herrian Gerra Zibilean esangura izan  zuten puntuetan plakak jarri eta zirkuitu urbano bat prestatuko dugu".