Herria euskalduntzen jarraitzeko hitzarmen sorta

Txintxarri Aldizkaria 2014ko uztailaren 4a

Pablo Barrio alkateak eta Euskara Batzordeko lehendakaria Boris Nogalesek hitzarmenak sinatu dituzte Ttakun, herriko ikastetxeetako guraso elkarteekin eta AEK euskaltegiarekin. Hauen garrantzia azpimarratu nahi izan dute, bai jasotzen dituzten programen eta diru-laguntzen kopuruarengatik, baina, batez ere, hitzartutakoaren bidez eragile guztiek saretuta eta adostasunean lanean aritzeak suposatzen duenagatik.

Hitzarmenaren filosofiak adierazten du Udalak, Ttakun kultur elkarteak, lau ikastetxeek eta Muntteri-AEK euskaltegiak elkarrekin landu dituztela Lasarte-Oria euskalduntzen jarraitzeko lan-lerro nagusiak eta programa zehatzak. “Ez da programa batzuk egiteagatik diru-laguntza emate soil bat. Hizkuntza normalizatzea gizarte-eraldaketa handi bat da eta horretarako erakunde publikoak eta gizarte-eragileak ahalik eta elkarlan estuenean aritzea funtsezkoa dela adierazi dute arduradun politikoek”.

 Hitzarmen handiena, Ttakun Kultur Elkartearekin sinatu da. Hitzartutako programak hamar Udako txokoak, Udako kanpaldiak, Gazte kluba, Kuadrillategi, Gazteen hizkuntza trebetasunak garatzen, Famili transmisioa, Solaskide solasbide, Erakundeak euskalduntzen, Bertso Eskola eta Txintxarri aldizkaria  izan dira eta guztira 176.741 euroko diru-laguntza jasoko du. “Ttakun Kultur Elkartea arduratuko da programen antolaketa osoaz, jasoleei informazioa ezagutarazteaz, behar diren langile guztiak kudeatzeaz, ebaluatzeaz eta diru-kontuak kudeatzeaz” adierazi dute.

Bestalde, Alkateak herriko lau ikastetxeetako Guraso Elkarteetako lehendakariekin ere hitzarmenak sinatu dituzte, Sasoeta ikastetxeko Burunzpe guraso elkarteko Pello Sanchezekin, bera ezin izan da sinaduran egon eta elkarteko beste bi partaide izan dira bere ordez, eta Institutuko Kaxkarro guraso elkarteko Juan Jose Martínekin eta Landaberri ikastolako guraso elkarteko Joxe Saroberekin bi hitzarmen, bata lehen hezkuntzako ikastetxeko programekin eta bestea bigarren hezkuntzakoekin.

Diruz lagundutako programen artean daude ikastetxeetako aldizkariak pertsonaia ezagunen bisitak, eskola-orduz kanpoko jarduerak euskalduntzeko Hezitzaileek asko egin dezakete! programa, Lagunarteko hizkerarekin jolasean programa (gazte-hizkera lantzea helburu duena), Elemeleka programa (gazteen komunikazio-trebetasunak hobetzeko) edo Gu ere bertsotan programa bezalakoak.

Lau ikastetxeekin sinatutako hitzarmenak desberdinak badira ere, bai programetan eta bai dirutan, guztira lauen artean, 44.043 euroko aurrekontua suposatu dio Udalari.

Boris Nogales Euskara Batzordeko lehendakariak adierazi duenez, hirugarren ikasturtez Muntteri-AEK euskaltegiarekin hitzarmena sinatu da 2014-15 ikasturterako. Adostutako programa nagusia gurasoei eta langabetuei zuzendutako 100 orduko zazpi ikastaro ematea da. Helburu horretarako Udalak 10.290 euroko laguntza bideratuko du.

Muntteriko zuzendaria Olatz Urdanpilletak adierazi du programa horretaz gain, Askatu mingaina! programarako 1.750 euro Irakurzaletasuna sustatzeko programarako 750 euro eta Autoikaskuntzako mintza-saioak laguntzeko 660 euro jasoko dituztela. Guztira, 13.450 euroko diru-laguntza da hitzartutakoa.