Kale ekintzak ostegunetik aurrera

Txintxarri Aldizkaria 2014ko uztailaren 2a

Zinea, dantza, kontzertuak... denetarik izango da Lasarte-Oriako kaleetan uztailean zehar. Kultura sailak asteburuetan ez aspertzeko egitaraua prestatu du eta guztia doan.

Bihar emango zaio hasiera egitarau oparoari Zinea kalean egitasmoarekin. Okendo Zinema taldeak eta Udalak elkarlanean beste urte batez, Okendo plaza zinema areto bihurtuko dute.

Aurten bi film dira herritarrek doan eta herriko plazan gozatu ahalko dituztenak. Bihar, 220:00etatik aurrera, Her filma ikusi ahal izan zen.

Spike Jonzen lanak Oscar sarietan jatorrizko gidoi hoberenaren saria lortu zuen. Joaquin Phoenix aktoreak ordenagailu baten sistema operatiboarekin maiteminduta dagoen pertsona antzezten du honetan.

Hurrengo hitzordua uztailaren 17an, 22:00etan izango da. Futbol Mundiala amaituta, etxeko txiki eta gazteek futbolaz gozatu ahal izango dute baina era berezian. Izan ere, Juan Jose Campanellaren  “Futbolin” animaziozko filma eskainiko da.

Eguraldi txarra eginez gero, filmak Elizatze plazako estalpean eskainiko direla jakin arazi dute antolatzaileek.

Kale antzerkiak

Oholtza berezia izango da Okendo plazara ere uztailean. Eusko Jaurlaritzako Kale Antzerkia bultzatuz ekimenaz baliatuz, hiru kale antzerki izango baitira gurean.

Ostiralean, 20:00etatik aurrera, Jon Zabal magoak “El suceso” lana eskainiko du. Honetan ilusionismoa eta misterioa nahastuko dira. Ikusleak izango dira protagonistak eta telepatia proba batean hauen ikuspuntua manipulatuko du.

Uztailaren 10ean, osteguna 20:00etan, berriz, “Astokilo” lana ikusi ahalko da. Panta Rei antzerki taldeak astakilo berezi bat aurkezten digu bere lanean, Rigoletto.

Asto honek bere emozio eta jarreren bitartez, zaintzaileak Zambulonek baino gizatasun gehiago duela erakutsiko du.  Lana gazteleraz aurkeztuko da.

Eta azkenik, uztailaren 18an, ostirala 22:00etan, Salitre teatroak “Gozo, Gozo, gozoa”  haurrentzako ikuskizuna aurkeztuko du.

Hiru lagun sukaldari lanetan jarriko dira eta hainbat gertakizun izango dira. Antzerki taldeko kideen hitzetan, edozein amak seme-alabei ikustea debekatuko liekeen ikuskizuna da.

Gelajauziak

Baina dantza ere izango da protagonista Lasarte-Orian. Uztailaren 11an, Kukai dantzak konpainiak “Gelajauziak” lana aurkeztuko du.

Cesc Gelabert koreografoaren zuzendaritzapean sortutako lan honek euskal dantza tradizionala du oinarrian. Baina koreografo katalanak bere ukitua eman die euskal dantzako pausoei. Helburua euskal dantza ikusten ohituta daudenen ikuspuntua berriztatzea  da.

Ekimen hau Eusko Jaurlaritzak dantza sustatzeko duen proiektuaren barruan dago kokatua.

Santa Ana azoka

Bestalde, uztailean ohitura den legez, Santa Ana artisau azoka ospatuko da. Aurten uztailaren 20an, igandean hartuko dute plaza artisau eta janari postuek.

Sendoki Kultur Batzordeak antolatzen duen azokak 30. edizioa egiten du aurten eta hainbat berrikuntza aurkeztuko dituzte noski.