Su festarekin agur esan zaie San Pedro jaiei. Egun hauetan asko izan dira jolasak, kontzertuak, ikuskizunak... Hala ere, azken jai egunean izan da ere festa giroa herriko kaleetan. Ane piratarekin batera herriko pailazoek egindako ikuskizuna izan da zalantzarik gabe jendetsuena gaurkoan. Andatza plaza bete dute txikienek pailazoekin abestu eta dantzatzeko. Horietako batzuk gainera oholtzara igo dira koreografiak pailazoekin batera dantzatzera. Horretarako, dotore jantzita agertu dira denak.
Beroari aurre eginez, umeek gogoz dantzatu dute eta pailazoekin batera, kanta denak ederki dakizkitela erakutsi dute. Helduek adi-adi jarraitu dituzte txikienen mugimenduak.
Andatzatik erdigunera Dinbi Banda batukadaren atzetik egin dute ibilbidea askok. Hauen doinuek gidatu dituzte haur zein helduak Ostadarrek herriko gune ezberdinetan antolatutako jolasetara.
Ordu berean, Biyak Bat egoitzatik jubilatuek aspaldi egiten zen konpartsaren desfilea berreskuratu dute eta dotore jantzita txarangarekin batera irten dira dantzan eta abestuz kaleak animatzera.
Bestalde, Okendon, Sorgin Jaiakek antolatuta antzerki tailer-jokoa izan da parte hartu nahi izan dutenentzat. Esan beharra dago, batez ere gazte eta umeak izan direla animatu direnak.
Azken gaua
Su festak bukatutzat eman ditu San Pedroak, hala ere, bihar lanera joan behar ez direnentzat, parranda aukera badago. Andatza plazan London orkestra ari da erritmo dantzagarriak jartzen eta Okendon Laiotzen erromeria egongo da Zezen-suzkoaren ondoren.