Sagardo eta sardina jana

Txintxarri Aldizkaria 2014ko ekainaren 29a

Igande arratsaldean Okendon Zero Sette Jai Bandaren doinuekin batera ohiko sagardo dastaketa eta sardina jana egin ahal izan da. Aurretik, gazteenek Oriako jaitsiera egin dute. Txikientzat berriz, arrakasta handia duen apar festa izan da Elizatze plazan.

Zero Setteren Jai bandak ekarri du Okendora berriz festa giroa. Ordu eta erdiz kontzertua eskaini dute akordeoi orkestrako kideek eta mota guztietako kantak entzun ahal izan dira, tartean Coldplay edota filma ezberdinetako soinu bandetako kanta ezagunak.

Bitartean, Oriako jaitsiera egin dute hainbat gazte taldek. Hipodromoko zubian ikusmina handia izan da eta batez ere, guraso asko hurbildu dira euren seme-alabak noiz iritsiko zain. Ura ez omen zegoen oso hotza eta korronteak oztopo izan arren, helmugara iristea lortu dute denek lagun eta senideen algara artean.

18:00etatik aurrera berriz, jana eta edana protagonistak. Ttakunek 350 litro sagardo jarri ditu herritarren eskura. 300 edalontziak ordu betean bukatu dira eta ohi bezala, herriko sagardoak oso harrera ona izan du Aterpeak prestatutako sardinak bultzatzeko. Hauek eskuratzeko, ilara luzea izan da baina pazientzia pixkatekin, denek lortu dute bere sardina razioa, 85 kilo ekarri ditu merkatari eta ostalari elkarteak.

Dantzarako aukera ere izan da David eta Olatzekin. Eurek gidatuta euskal dantza ezberdinak ikasi eta dantzatu dituzte herritarrek plazan bertan borobilean.

Aipatu behar da ere, San Pedro arratsalde honetan, txikienek jolaserako aukera ere izan dutela. Isla plazan haur parkea eta Elizatze plazan, apar festaz gozatu ahal izan dute.