Haur danborradak eman dio hasiera eguerdi aldera gaztetxoen egunari. Guztira 150 bat kalez kale ibili dira desfilean Manuel Lekuona kultur-etxetik hasita. Irribarretsu eta alai abiatu dira denak, dotore jantzita. Tatiago edota Donostiako martxaren gisako klasikoak jo dituzte ohi bezala, kupelak sukaldari jantzi txuri garbiz jantzita eta danborrak soldadu serioz, gorriz. Baina hauen aurretik, Lasarte-Oriako banderaren atzean txikitxoenek gastadore eta kantinera lanak egin dituzte baserritarrez eta soldaduz jantzita, aizkorak bizkarrean hartuta.
Oria Txarangak jarri du musika, eta 5-14 urte bitarteko haurrek Lasarte-Oriako ereserkia,. Gainera, Jalguneko lagunek ere parte-hartu dute eta ez dute zita garrantzitsua galdu nahi izan makilak gogor astinduz.
Txapelketak
Okendo plazan Sorgin jaiak-ek antolatutako IV. Bakailu txapelketa izan da. Denera 14 parte hartzaile aritu dira su artean lanean. Beltzak taldeko Ramon Indo eta Miguel Ibañez izan dira irabazleak. Elkarte onenaren saria berriz Arriesalletarentzat izan da. Epaimahai lan zaila Jon Iñigo Gonzalez sukaldariak, Txemi Zulaikak, Ainhoa Ormazabalek eta Iñaki Izagirrek osatu dute.
Bestalde, Loidi Barrengo pilotalekuan pilota txapelketako partidak izan dira, Jubenil eta 1. Mailako seniorrenak hain zuzen.
Ekintza guzti hauetaz gain, bola-joko eta toka txapelketak eta Iparraldeko herrikirol probak ere jokatu dira. Egunari musika jarriz Xumelaren kantujira eta Ostargiko buruhandi eta erraldoiak aritu dira.
San Pedro eguneko bideoteka eta argazki-galeria (gainean klik egin)