Zero Sette akordeoi orkestrak eta erraldoien dantza eman diote hasiera omenaldiari.
Pablo Barrio alkateak Kukuka antzerki eta dantza taldeari, zein Texas Futbol taldeari eskerrak eman nahi dizkie herriaren alde egiten duten lanarengatik.
Texas futbol taldeak aurten 50. urteurrena du eta hainbat herritar izan dira talde ezberdinetan. Angel Arruti "Texas"-ek sortu zuen eta gaur egunera arte iraun du futbolaen alde lanean.
Kukuka antzerki eta dantza eskolen kasuan berriz, herrian kultura, hezkuntza eta euskararen alde egin duen lana azpimarratu nahi izan du Udalak. Zabaleta auzotik ibilbide luzea egin du taldeak eta haur, gazten zein heldu taldeak ditu, 600 ikasle baino gehiago.
Jarraian, omenduen txanda izan da. Kukuka Antzerki eta Dantza taldeak eta Texasek eskerrak eman nahi izan dizkiote Udalari eskainitako omenaldiarengatik. Herritarren laguntzaz lanean jarraituko dutela adierazi dute. Eta hala nola, Texas futbol taldeak bere sortzailea ekarri du gogora.
Kukuka eskolako gazteen euskal dantza sorkuntza taldearen lana ikusi ahal izan da eta Zero Sette akordeoi orkestrak ere hianbat doinu eskaini ditu.
Amaieran, Udal batzarkide eta omenduek Zero Sette akordeoi orkestrarekin batera Lasarte-Oriako ereserkia eskaini behar zuten. Baina Kukukako kideak ez zeuden oholtzan lehen akordeak entzun direnean. Bat-batean guztia geratzeko eskatu, jendea oholtzatik jaistiarazi eta omendu, zein zinegotziei arkuak jarri dizkiete. Alfonbra gorri bat ere jarri dute.
Guztiak oholtzan zirela, agur berezi bat dantzatu dute eta azkenik, herritar, omendu eta Udalbatzar kideek ereserkia abestu eta kalejira bat ere egin dute oholtzan.
Omenaldiko irudiak argazki eta bideo galerian.
Bestalde omenaldian izan ez diren herritarrek Ostargi elkarteko erraldoi eta buruhandi eta Iruñeako dultzaineroekin gozatu ahal izan dute.