Hasi dira San Pedro jaiak. Aurten ere txikienek haur txupinazoarekin festei hasiera emateko aukera izan dute. Hitzordua kultur etxean egin dute omenduek eta buruhandi eta txarangarekin, udaletxe zaharrera abiatu dira. Ordurako, kaleak hartuta zituzten haur eta gaztetxoek. Koadrilek euren kamisetetan azken sinadura eta marrazkiak egiten aritu dira plaza inguruan.
Udaletxera iritsi dira eta Kukukakoek eskolaren dantza egin dute, pixkanaka jendea hurbiltzen joan da eta iaz bezala, herritar andana pilatu da kale nagusian. Balkoian berriz, Kukukako irakasle eta bi ikasle gazteen urduritasuna izan da nagusi, pozik begiratzen zituzten behean zeuden lagunak eta senideak. Texasen kasuan, kadeteak izan dira txupin honetan protagonistak. Noski, bi omenduek antzerki eta dantza eskola zein, futbol taldearen kamisetak eraman dituzte soinean. San Pedro elizako erlojuak txupina botatzeko ordua markatu du eta Pablo Barrio alkateak hartu du ardura. Kalean jendea dantzan eta algaraka hasi da txupinaren eztandarekin batera.
Kukukako eta Texaseko kideek mikroa hartu eta herritarrak animatu dituzte jaiez gozatzera, olatuak ere egin dituzte Joxe Mari Agirretxek animatuta, "Gora San Pedro jaiak" behin eta berriz oihukatu dute.
Finean, jai giro polita eta koloretsua izan da aurten ere udaletxe zaharretik bizi ahal izan dena. Balkoietan, jaietako protagonistekin alderdi ezberdinetako udal ordezkariak izan dira. Taxio Arrizabalaga festak saileko zinegotziak, herritarrak kalera ateratzera eta hemendik aurrerako ekintzetan parte hartzera animatu ditu.