Hasi da bost eguneko festa. Sorgin Jaiak ohi bezala egun bat lehenago iritsi dira eta hauekin batera, jai giroa herriko kaleetara.
Kuadrillentzat hitzordua, arratsaldean izan da kiroldegi parean. Bertan elkartu dira gazteak pijama dotoreena jantzita eta herriko kaleetan barrena ibili dira poteoan Eonian elektrotxarangarekin. Okendon bukatu da kalejira eta bertan txupina jaurtitzeko ardura eman diete Xirimiri eta Ostadarreko ordezkariei.
Sorgin Jaiak herriko bi elkarteak omendu nahi izan ditu urte luzeetan herrigintzan egindako lanagatik. Aipatu behar da, Ostadarren izenean, nesken saskibaloi taldeak jaurti duela txupina. Ostadarreko kadete mailako neskek, denboraldi honetan Errendimendu Ligan Gipuzkoako txapeldun izan dira.
Biek eskertu dute omenaldia eta Xirimiriren kasuan, “elkarteak bizi duen une zailean” herritarrengandik jasotako babesa aipatu nahi izan du Maider Izagirrek.
Saskibaloiko neskek berriz, bihar herriarteko pilota txapelketan, herriko pilotari bikoteak finalean sartzeko aukera jokoan izango duela gogoratu dute eta herritarrak animatu nahi izan dituzte frontoira gerturatzeko.
Txupinekin batera festa lehertu da Okendon.
Gau giroa
Gazteek afaria egin dute Okendo plazan bertan eta ederki pasa dute lagun artean. Afaltzen bukatu eta Elbereth talde legazpiarraren metal doinuez gozatu ahal izan dute. Bitartean, birziklatutako materialarekin egindako instrumentuak hartu eta "rezibatukada" egin du gazte talde batek herriko kaleetan barrena. Honek ikusmina piztu du eta guraso batzuk ere ikusi ahal izan dira batukadaren atzetik. Ibilbidea Okendon bukatu dute eta bertan dantzan jarri dituzte sorgingunean zeuden lagunak.
Parranda bukatzeko, Joxpa taldearen erromeria izan da.