Ttakunen ohiko hitzorduak San Pedrotan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko eka. 26a, 13:30

Ttakun kultur elkarteak ohi bezala, aurten ere hitzordu nagusienak mantendu ditu San Pedro jaien egitarauean. Haurren bazkaria eta ur jolasak, Sorgin Dantza, zikiro afaria, bertso saio berezia, sagardo dastaketa izango dira besteak beste jai egun hauetan. Herritarrak ekintza hauetan parte hartzera animatzen dituzte Ttakunetik.

Ttakun kultur elkarteak urtero bezala hainbat ekitaldi antolatu ditu San Pedro jaietan euskal giroa zabaltzeko asmoz. 

Adin guztientzako ekintza sorta prestatu da aurtengoan ere eta ohi bezala herritarren aldetik harrera ona izatea espero da. Hauetako batzuek arrakasta ziurtatuta dute, Sorgin Dantza eta Zikiro afaria esaterako.

Haurren bazkaria

Bihar San Pedro jaiei hasiera emango zaie eta azken urteetan ohikoa den bezala, etxeko txiki eta gazteak izango dira jaietaz gozatuko duten lehenak. 

12:00etan, haurren txupinazoa egingo da Udaletxe zaharretik. Ondoren, 13:30ean, haurrak kalejiran joango dira Atsobakarreko parkeraino eta bertan, 14:00etan, haurren bazkaria, makarronada antolatu du Ttakunek. 

Begiraleen eta Oriako Txarangaren laguntzarekin 9 eta 12 urte arteko gaztetxoak Okendo plazatik aterako dira kalejiran Atsobakar auzoraino, bertan makarroiak bazkalduko dituzte eta bazkalostean Busti Blai ur festa arrakasta-tsua egingo dute. 

Ur jolas ezberdinak burutuko dituzte haurrek 16:30ak arte eta “ziur haur eta gaztetxoek gustura hartzen dituztela jolasak,” aipatu dute antolatzaileek. 

Ikastetxeetan lagun koadrilaren izena eta irudiarekin margotutako kamisetak erakusteko aukera izango dute gainera haurrek egun honetan. 

Sorgin Dantza Oriatik

Jaietako adierazgarri da Sorgin Dantza eta aurten ere ez du hutsik egingo. 

1994tik antolatzen du Ttakunek dagoeneko Lasarte-Oriako herriaren eta bertako festa nagusien ikur bihurtu den Sorgin Dantza. Aurten Okendo plazan burutu dira entseguak eta oso harrera ona izan dutenez, biharkoan jendetza elkartzea espero da. 

Azken urteotan parte hartzaileen kopurua asko ugaritu da eta haurrek ere egiten dute kalejira eta dantza.

Helduen zortzikotearekin batera gazteen zortzikotea osatu da aurten ere eta zerrenda luzetik zozketaz hautatu behar izan dira kideak.

Sorgin Dantza, Oriatik abiatuko da bihar, 16:30ean gutxi gorabehera. 

Aurten bidean dantzariek egingo dituzten geldialdiei dagokionez, Orian lehenengoa, Biyak Bat elkartearen parean bigarrena, Udaletxearen parean hirugarrena eta azkenik, Hipodromo etorbidean egingo da dantza plazara sartu aurretik. 

Okendora 19:00etan txupina bota aurretik iritsiko dira dantzariak.

Zikiro afaria

Gauean askorentzat ere tradizio bilakatu den zikiro afaria egingo du Ttakunek Okendo plazan. 

Arratsaldeko lehen orduetatik arituko dira sukaldariak  22:00etarako guztia prest izateko. Beraz, usain ederra izango da arratsalde osoan zehar plazan.

Afarian, entsalada eta zikiroa egongo da 300 lagunentzat, giro ezin hobean. 

Honetan parte hartzeko salgai izan dira txartelak azken bi asteetan Ttakun eta Jalgin. Bapo afalduta, dantzarako garaia izango da.

Kantu Jira 

Igandean, San Pedro egunean, Ttakunen egitarauan gero eta arrakasta handiagoa duen kantu jira egingo da goizean.

Aurten ere iaz egin bezala, dantza plazako dantzariek lagunduko dute eta dantza eta kantua uztartuko dute. 

Eguerdiko 12:00etan abiatuko dira Sagardotegi kaletik euskal abestiak kalez kale kantatu eta dantzatuz. 

Honetan plaza dantza eta Erketzeko dantzariak arituko dira. 

Xumela abesbatzak eta Albokako kide batzuk ere parte hartuko dute euren ahotsak batuz eta gonbidatuta daude bertan parte hartzera, Hondarribi, Zarautz, Usurbil eta Donostiako kantu jiretako kideak.

Sagardo dastatzea

Iluntzean Sagardo dastatzea eta dantza gidatuekin primeran pasatzeko aukera izango da. 
Honetan herriko Sollane, Buenavista, Telleri, Zubillaga eta Saltsate baserrietako sagardoa banatuko da. 

18:00etan hasiko da Okendo plazan eta 20:00ak arte luzatzea espero da. 

Bertso saio berezia

Gauean berriz, bertsoez gozatzeko aukera eskainiko zaie herritarrei. 

San Pedro jaietako bertso saio berezia Manuel Lekuonan egingo da 22:00etatik aurrera. 
Aurten, Ane Labaka, Amaia Agirre, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi eta Patxi Etxeberria arituko dira oholtzan. Gaiak berriz, Unai Muñoa bertsolariak jarriko ditu.
Bertso saio polita antolatu du aurtengoan ere Ttakuneko Earra! Bertso eskolak. 

Sarrerak egunean bertan erosi ahal izango dira Manuel Lekuona kultur-etxeko lehiatilan 4,70 eurotan edo aurrez interneten www.lasarteoriasarean.eu-n 4,32 euro ordainduta.

Aukera zabala eta adin guztietarako ekintzak Ttakunen esku San Pedro jai hauetan ere.