ATC enpresako neska talde batek sortu zuen Lasarte-Orian emakumezkoen lehen saskibaloi taldea 1964. urtean. “ATC fabrikan lan egiten genuen eta zuzendariari eskatu genion izena eraman al genuen. Kamiseta zuri batzuk erosi genituen eta hauetan taldearen izena jarri genuen” azaldu digute Mari Karmen Mercero eta Rosarito Echeverriak.
“Gehienak ATC-n lan egiten bagenuen ere, Lasarteko neska batzuei ere eskatu genien taldean sartzeko, altuenei,” adierazi digute.
Barre artean aipatu digute saskibaloia aukeratu zutela kirol fina iruditzen zitzaielako, “kirolik finena zela uste genuen, futbola eta eskubaloia ere bazeuden, baina guk finagoa nahi genuen, Lasarten Benito zegoen eskubaloi entrenatzaile, baina emakumeentzako talderik ez zen. Orain Bera-Bera eta beste batzuk daude baina orduan ez. Saskibaloian inguruan taldeak zeudela bagenekien, La Medina, Real Sociedad eta orduan kirol hori aukeratu genuen”.
“Hemezortzi eta hogeita bi urte artean genituen orduan, orain ikastolan txikitatik hasten dira. Orain erretiroa hartzen dutenean, guk gure lehen partidak jokatu genituen. Eta boom bat izan zen Lasarten ez baitzegoen emakumeentzako kirolik. Gutxi batzuk arazoak zituzten etxean, ez zuten ulertzen guk kirol batean aritzea,” aipatu digute.
Hala ere, sortutako arazoei umorez aurre egin eta irtenbidea aurkitzen zioten, “ez genuen txandal, botarik... Botak bakoitzak bereak erosi behar izan zituen. Beraz, gure entrenamenduak oso deigarriak ziren, lanetik atera eta aldatu gabe, botak bakarrik janzten genituen. Egun horretan soinekoa, kristalezko galtzerdiak edo gona estua bagenuen berdin zen, horrekin entrenatzen genuen. Partidetan aldaketetan etxeko jertse lodia janzten genuen. Bigarren urtean, berriz, txandalak eta poltsa erosi zizkigun enpresak, baita baloiak ere”.
Non entrenatu ez
Eta nahiz eta lehengo Eskola Berrietan entrenatu, “irakasleek ez zuten gogoko guk bertan entrenatzea. Eta enpresako mantentze-lanetarako arduradunari saski bat prestatzeko eskatu genion. Egur eta burdin zati batzuekin egin zuen. Hori hartu eta Okendoko pilotalekura etortzen ginen entrenamenduak egitera. Imajina zer zen haraino joatea saskia etab.-ekin”.
“Hasieran Saustako maldan hasi ginen entrenatzen eta argirik gabe entrenatzen genuen. Arratsaldeko zazpietarako ilun zegoen, zeren eta orduan ez baitzen ordu aldaketarik. Orduan, bat saskiaren azpian jartzen zen, besteak baloia jaurti eta “sartu da?” galdetzen zuen. Imajina ze entrenamendu ziren horiek”.
Zerotik hasi
Gainera, zerotik hasi zirela ere onartu dute, “guk ez genuen ideiarik saskibaloiari buruz. Baloia saskian sartu behar zela eta baloia batak besteari pasa behar geniola. Hala ere, nahiz eta ezer ez jakin, batzuk kirolari apartak ziren eta pixkanaka ikasten joan ginen. Baloia nola hartu eta pausoak nola eman... denetarik ikasi behar izan genuen”.
“Baloia hartzeko eskuak nola jarri ere ez genekien eta nik hatz batzuk okerrak ditut horregatik,” azpimarratu du Mercerok.
Ondo pasatzera
Entrenatzen hasi, astean behin, eta bi hilabeteetara partidekin hasi ziren “etxeko partidak jokatzeko baimena Eskola Berrietan ematen ziguten. Aldatzeko gelak erabiltzen genituen eta ez zegoen dutxarik. Bakoitza bere etxera joan behar izaten zen”.
Partidak igandetan jokatzen zituztela azaldu dute, “guretzako igandeak gozatzeko egunak ziren. Partida, haraino joan lineako autobusetan... Hondarribira joatea esaterako egun pasa egitea zen. Saskibaloi kantxetara poztasuna eramaten genuen”.
Lehen urtea oso dibertigarria izan zela azpimarratu dute. “Azkenak izan ginen. Irabazi genuen lehenengo partida arerioa agertu ez zelako izan zen. Partidetan jipoiak besterik ez genituen jaso hasieran. Baina horrek ez gintuen apaltzen gu gozatzera joaten ginen”.
“Gure lehen partidan, La Asuncionen euria besterik ez zuen egiten eta 25-4 galdu genuen Tolosako La Asuncionen aurka. Milagrosek sartu zituen lehen bi saskiratzeak”.
“Medinak, orduan talde indartsuena, jipoi ederra eman zigun lehen urtean. Baina haiek ere egurra jaso zuten. Oso finak ziren eta gu lurrean borroka egiten genuen. Gainera, hemengo kantxan zuloak zeuden. Gehienetan euria zegoenez putzuak sortzen ziren eta nahita hauetan hanka sartu edo baloia sartzen genuen haiek zikintzeko”, onartu dute algara artean.
“Lehen urtea horrela izan zen eta gure ideia hiru saski sartzea eta arerioak 25 baino gehiago ez egitea zen. Lehen urtean ederki borrokatu ginen,” gaineratu dute.
“Bigarren urtean esperientzia gehiago genuen eta kide batzuk taldea utzi zuten. Orduan sartu ziren Manoli, Sorrondegitarrak, Lurdes... Eta partidak irabazten hasi ginen. Hori oso garrantzitsua izan zen guretzat. Ez genuen inoiz umorea eta gozatzeko gogoa galdu”.
Trofeoak eta selekzioa
“Hirugarren urtean Inaugurazio torneoa irabazi genuen partidarik galdu gabe. Hori guretzat oso garrantzitsua izan zen, imajina ezazu!!! Urnietan ere torneo bat irabazi genuen jaietan”.
“Orduan Manoli profesionala egin zen” aipatu dute barre artean eta honek “Mertxe eta biok Gipuzkoako selekzioarekin entrenamenduak egin genituen eta nik Kantabrikoko Jokoetan parte hartu nuen besterik ez”.
Partiden ostean, Ostatun geratzeko ohitura zutela ere onartu dute, “muskuiluak jaten genituen. Guretzat momentu hoberena zen. Astean zehar ez ginen geratzen entrenatu eta etxera joaten ginen. Lehen ez zegoen hainbesteko bizitza”.
Entrenatzaileak
Baina ez pentsa hau guztia laguntzarik gabe egin zutenik, entrenatzaileak izan baitzituzten.
“Gure lehen entrenatzailea Jose Amil katalana izan zen. Gero profesional bat kontratatu genuen, Pili Petrirena. Donostian bizi zen eta Medina taldekoa zen. Harekin hasi ginen serio lan egiten eta partidak irabazi genituen. Gure saskibaloi ezagutzak asko hobetu ziren bere laguntzarekin. Seriotasun gehiago zegoen. Amil nahi genuen bezala maneiatzen genuen. Gurekin barrez leher-tzen zen. Pilik ere gurekin barre asko egiten zuen, baina ez zuen ezer esaten. Harekin Gipuzkoatik ateratzeko aukera izan genuen, Iruñeara joan behar ginen, baina ez zuen nahi izan. Lotsa edo ematen zion gurekin joatea!!!”
Oroitzapenak
Hainbat pasadizo ere kontatu dizkigute, “La Asuncionen behin mojek ez ziguten jolasten utzi, galtza-gona genuen eta motzegia zelako, belaunetik gora zentimetro bat. Gainera, euria egiten zuenean hilea ez bustitzeko ziriekin jokatzen genuen eta epaileak aterkia erabiltzen zuen”.
“Maskota bat nahi genuela ere otu zitzaigun, 25-30 zentimetroko tximua,” onatu dute. “Guztia pentsatua genuen eta Bartzelonako Zoo-ko arduradunarekin jarri ginen harremanetan tximu bat lortzeko. Hark hemengo klima ez zela aproposa erantzun zuen eta inguruko animali dendetan begiratzea gomendatu zigun. Azkenean amore eman eta Popeye panpin bat egin genuen, trapuzkoa”.
Taldea utzi
Taldeak lau denboraldi iraun zituen, ”hoberen jokatzen genuenean utzi behar izan genuen. Famatuak egiten hasi ginenean, trikimailu guztiak ikasi genituenean...”.
Izan ere, “Eskola Berrietan ezin genuen jokatu dagoeneko eta Michelini eskatu genion bertan entrenatu ahal izatea. Michelinek baiezkoa eman zuen baina baldintza batekin izena aldatzea. Orduan ATCtik Michelinera aldatu zen izena eta hasierako neskek utzi genuen. Gehienak ezkontzeko geunden eta gutxi batzuk jarraitu zuten taldean. Batzuk gainera saskibaloia utzi eta futbolean hasi ziren”.
Baina saskibaloia utzi eta neska talde honen harremanak jarraitu zuen, “saskibaloia utzi genuenean beste etapa bat hasi zen. Adiskidetasun handia sortu zen. Korrontearen aurka hasi ginen eta hortik harreman sendoa sortu genuen. Hori oso garrantzi-tsua izan da. Gure artean ez da inoiz gatazkarik izan”.
“Taldeko kideak mutilak izaten hasi ziren, ezkondu, haurrak izan etab. Inoiz ez dugu harremana galdu. Manoliren txokoan biltzen ginen, parodia ederrak egiten genituen, urtebetetze egunak edo ospakizunen bat izatea besterik ez zen behar. Urte batzuetan ezin ginen askotan bildu, baina haurrak hazi zirenean asteartero biltzeko konpromisoa hartu genuen,” azaldu dute.
Ekintza ugaritan parte hartu
Gainera taldeko kideak 1999. urtean Lurdes Ubegunen gaixotasunaren ondorioz gehiago batu zirela azpimarratu dute. “Lurdes gaixotzen hasi zen. Inauterietan atera ohi zen normalean eta urte horretan bi lagunek kale egin zioten. Beraz, guri eskatu zigun eta azoka bat egin genuen Okendo plazan dirua bildu eta inauteritarako arropa prestatzeko. Gauza pila saldu genituen eta hortik aurrera, gure kaleko ikuskizunak hasi ziren, Inauteriak, Santa Ana parodiak, Maratoiak, etab. Urteurren batean ere izan ginen, Etxarriren 50. urteurrena. Goiegira joan ginen moda desfile bat egitera. Eta proposatzen dizkiguten gauza guztietarako prest gaude. 40 emanaldi baino gehiago izango dira”.
“Romoren elkarteari ere laguntzen genion eta Nikaraguarako dirua biltzen genuen. Jaiotzarekin ateratzen ginen kantuan Gabon bezperan. Ba-tzuk guretzako zela pentsatuko zuen, baina diru dezente biltzen genuen. Duela bi urtera arte egin genuen bilketa. Bertako egoera latza ikusita krisia, langabezia... egiteari utzi genion. Bertakoek ere behar zuten eta ez genekien nori eman”, azaldu digute.
Omenaldi eta momentu latzak
Omenaldiak ere jaso dituzte, Santa Ana parodian, etab. “25. urteurrena ere ospatu genuen. Gure buruari dominak, trofeoak etab. eman genion eta parodia bat ere egin genuen, noski, LOKEk ere omenaldi txiki bat egin zigun 2004. urtean.
Baina momentu latzak ere bizi izan dituztela aipatu dute, “Lurdes eta Begoñaren herio-tzak kolpe latza izan ziren. Aurretik Maria Angelesen heriotza ere izan zen. Saskibaloia utzi eta atletismoan hasi zen baina hala ere, harremanetan jarraitzen genuen. Lurdes saltsera bat zen, ospakizun guztietan zerbait antolatzen zuen, abestiak bereziak sortzen zituen... eta Begoña gure amatxoa zen. Tente jartzen gintuen”.
Urrezko neskak
Orduan, ATC saskibaloi taldeko neskak izatetik Urrezko neskak izatera pasa ziren. “Bajak egon dira eta lau fitxaketa egin ditugu. Oso ongi fitxatutakoak dira gainera, pentsatutakoak Miren Zumeta, Magali Agirresarobe, Pili Arruti eta Aintzane Bergara, Begoñaren ahizpa. Beti egon dira gurekin baina dagoeneko taldekoak dira. Horregatik, ATCko saskibaloi taldeak izatetik Urrezko neskak izatera igaro ginen. Begoñak jarri zigun izena. Izan ere, saskibaloi taldekoa ez zen jendea zegoen dagoeneko taldean”.
“Jende askok sartu nahi du gure taldean baina fitxaketa egiteko oso ongi aztertzen dugu pertsona. Taldea osatua dago eta adiskidetasun handia dugu,” aipatu dute barre artean.
Irailean 50 urte egingo dira ATC taldea sortu zutela eta emakume sasoitsu eta umoretsu taldeak burua urteurrena ospatzeko prestakuntzetan jarria du. Ez dute aurreratu nahi izan, baina taldearen izpiritua ezagututa, ziur ikusgarria izango dela.