Urtarrilean, Plazaolako trenak edo Tren txikiak ehun urte bete zituen. 1914ko urtarrilaren 19an hain zuzen, egin zuen bere lehenengo bidaia eta bidaiariak lehenengoz eraman zituen Donostiatik Iruñeara.
Hala ere, tren honek urte batzuk lehenago egin zituen bere lehen bidaiak. Hiru garai ezberdin bizi izan zituen trenak.
Meatzaritza
1893. urtean, sortu zen Plazaolako trenaren aurrekaria izango zena.
Burdinbidearen xedea Berastegi eta Andoainen artean zeuden 22 kilometroak lotzea zen.
Plazaolako ibarran zeuden Bizkotxeko burni-meatzetatik Andoinera minerala garraiatu behar zuten eta meatzetan hain ohikoa zen bide estuko trena egin zuten.
Noizbehinka ere Leitzaranetako basoetatik egurra garraiatzen zen herrira, baina 1914 eta 1918 urte arteko gudak ustiaketa hau geratu zuen.
1901. urtean, Francisco de Hormaecheak hartu zuen enpresaren zuzendaritza.
Baina bost urte besterik ez zituen enpresak egin bere eskuetan. 1906. urtean, Gipuzkoako meatze elkartea sortu eta trenbidea nahiz mea-tzeak beregain hartu zituen.
Bidea luzatzea
Bi urte beranduago Iruñeatik Pasaiara linea beharrezkotzat jo zen eta Burnibide Estrategiko eta Bigarren mailarako legearen barruan ibilbidea onartu egin zen.
Orduan, zerbitzua luz-tzea hoberena izango litzatekeela ikusi zuen elkarteak. Bi lur kontzesio egin ziren hau luzatzeko bat Iruñea eta Plazaola artean 1910. urtean eta hurrengo urtean, Andoian eta Lasarte artean, 7,976 km.
Hauei esker, bidaiariak eramateko baimena lortu eta bidaiariak eta minerala garraiatu zezakeen enpresak.
Zailtasunak
Lanak egiten hasi ziren, baina hainbat zailtasuni aurre egin behar izan zieten eta 13 milioi pezetatako gastua egin behar izan zen.
Iruñea eta Donostia arteko nibel aldaketa gainditu behar zuten eta Leitzaraneko harana zeharkatu.
Gainera, hainbat lekuetan bidea estuegia zen eta irtenbide bakarra tunel eta zubiak egitea izan zen. Era honetara, 37 zubi eta 67 tunel zeuden Plazaolako trenaren ibilbidean. Aipagarriena Huiziko tunela zen, 2,5 kilometrotakoa.
Lanak amaitu eta probak egin zituzten 1913ko abenduaren 2an. Aipatu legez, 1914ko urtarrilaren 19an inauguratu zen ibilbide berria.
Bidearen 0 kilometroa Iruñean zegoen eta Lasarte-Oriara 84.155,20 metroko budinbidea zegoen.
Donostiara iristeko Donostia eta Bilbo artean zegoen Vascongados burdinbidearekin batzen zen.
Aldaketa hau egun Urbil merkatalgunearen ondoan egiten zen.
Bertan Vascongados-en eraikina erabiltzen zen eta bide batetik bestera mugitzeko, tren-makinentzako zubi birakaria zegoen.
Lasarteko tren geltokian Melara interbentorea zegoen.
Honen hitzetan, 40ko hamarkadan, trenak ez zuen Lasarten geltoki finkorik, jende ezaguna ikustean geratzen zen bakarrik.
Konpetentzia
Enpresak zerbitzuari bultzada eman nahian zazpi tren-makina berri erosi zituen eta honi esker, hiru tren ibiltzen ziren zentzu bakoitzean.
Lehen urte horietan, minerala eta pertsonen garraioa uztartu zituen.
Garraio txartelek 14,30 pezeta balio zituzten lehen mailan joan nahiez gero; hirugarren mailakoak berriz, 7,10 pezeta.
Hala eta guztiz ere hasiera-hasieratik, burdinbideak ez zituen elkarteak espero zituen helburu ekonomikoak bete.
Bi arrazoi nagusi izan ziren, meategien ustiaketaren amaiera eta beste garraiobideak.
Nahiz eta gerra zibila eta bigarren guda mundialean Plazaolako meategiak ustiatuak izan, hauek errentagarri izateari utzi zioten eta ustiaketa guztiz gelditu zen.
Bestalde, burdinbidea baino azkarragoa eta merkeagoa ziren garraiobideek ere ez zuten lagundu. Bide zabaleko trena eta autobusak ibilbidea denbora gutxiagoan egiten baitzuten, nahiz eta autobusaren kasuan, Azpirozeko gaina igaro behar.
30eko hamarkadan motore dieselak jarri ziren bidaiarien zerbitzua hobetzeko asmoz, baina dagoeneko enpresaren egoera ekonomikoa oso larria zen.
Kontrabandoa
1936 eta 1939 urte artean, eta gerra ostean jende garraioaz gain, kontrabandoa eta estraperloa izan zen tren honetan.
Horregatik, gosearen edo estraperloaren trena bezala ere ezaguna egin zen. Besteak beste, patatak, ogia edo babarrunak garraiatzen ziren kontrabandoan.
Tren gidariek kasu batzuetan negozioa egiten zuten, beste batzuetan tren geltokiko langileen laguntza zuten herritarrek janaria garraiatu edo Guardia Zibilen kontrola zegoela abixatzeko.
Arlo honetan hainbat bitxikeri daude, baina horien artean, Plazaolako trena Lasarteko geltokira iritsi baino lehen kontrabandoko hainbat zaku trenetik behera bota eta herrian zegoen Guardia Zibilaren kuartelera erori ziren. Bertan iskanbila handia sortu zela kontatzen da.
Azken saiakerak
Trena berrindartzeko beste saiakera batzuk egin ziren hurrengo bi hamarkadetan.
1950ean, modernizazio plana jarri zen martxan eta Nafarroako beste puntu batzuekin lotura egiteko aukera ikusi zen, Zangotzatik Iratira.
Tamalez, 1953ko urriaren 14an eta 15ean eurite izugarriak eta uholdeak izan ziren eta trenbidearen zati handi bat kaltetua izan zen.
Bidea berritzeko ahaleginak egin ziren, baina arazo ekonomikoak medio, zerbitzua kentzera bultzatua ikusi zen elkartea.
Hala ere, trenak Ollokitik Andoainera egurra garraia-tzen jarraitu zuen urte batzuetan. 1958. urtean, trenbidea erabiltzeari utzi zioten eta bideak kentzeko baimena lortu zen.
Era honetara, lau hamarkadetan zehar, Nafarroa eta Gipuzkoa batu zuen trena izan zen Plazaola, Plazaolako trena edo Tren txikia izenez ezagututako trena desagertu zen.
Gaur egun
Egun Plazaolako ibilbideko hainbat zati bide berde dira eta oinez edo txirringaz egin daitezke.
Plazaolako bidean Gipuzkoa eta Nafarroa artean 44 kilometro daude erabilgarri; Lasarte-Orian bi kilometro berreskuratu dira Loidiko zubitik hasi eta Azkorte bideraino.