Islada Ezkutatuak: “Ezkutuan egon diren istorioak, argitara atera behar ditugu”

maider-azurmendi 2014ko ekainaren 26a

Dagoeneko bi urte dira herriko Islada Ezkutatuak taldea sortu zela. Taldeko kideak, taldea sortu baino lehenagotik ere, lanean ari dira gerra eta frankismo garaiko lekukoak jasotzen eta oro har, informazioa biltzen. Kezka ezberdinek bultzatuta hasi zen herritar talde hau lanean, batzuek desagertutako senideak dituzte, hildakoak, kuriositate hutsez besteak, edota isilpean, “alfonbra azpian ezkutatuak” izan diren istorioak argitara emateko beharra argi ikusi zutelako. Josu Agirretxe eta Mikel Amenabarrek azaldu digute orain arteko lana.

Duela ez asko, mendian lanean egon diren lubakiaren berri eman behar izan zuten Isla Ezkutatuak taldeko kideek. Esku granada bat topatu eta Ertzaintzak lehertu behar izan zuen. Segurtasunagatik publiko egin zuten burutzen ari ziren lana. Orain arte 40 testigantzatik gora jaso dituzte eta lubakian lanean dihardute izan ere, testigantzen arabera, bertan milizianoen gorpuak daude, “kopurua ez dakigu, testigatza batzuen arabera sei, beste batzuen arabera 20 baino gehiago izan daitezke”. 

Nolatan hasi zineten gerra eta Frankismo garaia aztertzeko lanetan?

Duela ia hiru urte, modu informalean herritar batzuk hasi ginen gaiaren inguruan zerbait egin behar zela eta ikerketa xume batzuk egiten. Beste herrietan lanean ari ziren memoria historikoaren aldeko taldeak eta guk ere zerbait egin behar genuela pentsatu genuen. Horrela hasi zen dena.

Joan ginen pixkanaka sarea osatzen, biktimen listak egin genituen, benetakoak ziren egiaztatu eta konturatu ginen bazegoela materiala lanean hasteko. 

Oinarria bagenuen eta Aldundira joan ginen gaiaren inguruko bilera batera. Herri mailan lanean dauden taldeei zuzenduta zen batez ere diru laguntza lerroei buruz. Bilera horretan ikusi genuen beharra talde bezala martxan jartzeko, 2012ko abenduan aurkeztu genuen Islada Ezkutatuak.

Testigantzak jasotzen hasi zineten berehala?

Bai hala da. Mendiko txokoaren inguruko informazioa izan genuen hasiera batean eta bertan lanean jarri ginen, garbiketa lanak egiten batez ere. Gorpuzkinak bazeudela esan ziguten eta. 

Aranzadirekin harremanetan jarri ginen eta euren informazio eta artxiboak gure eskura jartzeaz gain, hainbat argibide eman zizkiguten ere.  Aranzadiko adituek aipatu ziguten lehentasuna eman behar geniela testigantzei, adineko pertsonak izanda, ahalik eta gehien jasotzen saiatu behar ginela. Berehala konturatu ginen, premiazkoa zela lan hau egitea, izan ere, elkarrizketa egitera iritsi baino lehen zerrendan genituen pertsonak hil zaizkigu. Testigantza hori betiko gal-tzea dakar garaiz ez ibiltzeak.

Mendiko lubakia, testigantzak eta artxiboak ikertzea dira gure lan lerroak eta hiru esparrutan dihardugu baina testigantzak dira lehentasuna.

Txatarraz gain, katak egiten ari gara gorpuzkinak topatzeko. Udazkena izan daiteke garai onena, orain garbiketa lanak egitea alperrik da. Bi gorpu zehazki non dauden jakin dezakegu testigantza bat badagoelako baina ingurua asko aldatu da, herritar batek, kostata esan zigun bi fusilamendu ikusi zituela. Bere damua zuen oraindik, hildako bati botak kendu zizkiolako. 

Zenbat testigantza jaso dituzue?

40tik gora. Buruan genuen gerra herritik pasa besterik ez zela egin baina hildako, iheslari, desagertuak, errepresaliatuak badaude. Historiaren alde hori, orain arte gordeta egon da Frankismoak interesik ez zuelako izan bere txapuzak jakitera emateko eta ondoren ere, herriko agintariek inongo interesik ez zuten jarri gaia ikertzeko. 

Herriko familiek beharra zuten bizitakoa kontatzeko?

Denetarik ikusi dugu. Batzuk ez dute hitz egin nahi, iraganeko gauzak direla diote baina beste batzuk gogoz hitz egin dute, zain zeuden barrua husteko. Hitz egin nahi ez duten pertsona batzuen kasuan, barrenean oraindik beldurra dutela antzematen dugu. Asko sufritu zuten eta min handia eragiten die gogoratze hutsak.

Garai hartako gertaerak, oso presente daude, nahiz eta zuzenki gerran parte ez hartu, beldurra oso nabaria da, senideak espetxean, gerran etab. izateagatik markatuta egon zirelako familia osoak. Beharra dutenen kasuan, kontutan izan behar da 40 urtetan inor ez zaiela joan, ez dute bidea ikusi dakitena azaltzeko eta orain bai topatu dute aukera. 

Herritar batzuek uste dute ez dutela ezer esateko “etxean gutxi kontatu ziguten, ez zen hitz egiten” diote baina detaile bat, beraientzat hutsala izan daitekeena, guretzako pista izan daiteke, beste testigantza edota dokumentuen laguntzarekin puzzlea osatzen lagun gaitzake. Asko arakatu behar da eta uste baino lan gehiago da baina ezin dugu utzi.

Bestalde, jakin badakigu, beti geratuko dela historia irekia. Jendearen borondatez ari gara osatzen eta testigantza ematera animatzen ez direnak hor geratzen dira, jaso gabe, osatu gabe. Aipatu behar da jaiotzez lasarteoriatarrak ez diren pertsonen testigantzak ere jaso ditugula, euren herrietan bizitakoak kontatu dizkigute eta oso aberasgarria da guretzako.

Lasarte-Orian gerra pairatu zen beraz …

Bai noski. Gauza da herri txikia zela hau, biztanle kopurua kontutan hartuta, ondorioak latzak izan ziren. Lasarte eta Oria ia hustu egin ziren. Zerbaitegatik gertatu zen hori. Hildako herritarrak ere ez dira gutxi. 

Egia da hilabeteak ez zituztela egin hemen borrokan baina egun batzuk bai eta errepresioa gogorra izan zen urteetan. Adibidez, badakigu, lau lasartear Errusian egon zirela umetan, emakumeei ilea mozten zitzaiela. Jazoera oso gogorrak izan ziren gurean.

Nolakoa izan zen Lasarte-Orian gerra?

Hemen frente bat izan zen Andoaindik, Tolosatik zetozen errekete eta frankistek Donostiara sartzeko erabili zutena. Lasarte eta Andoain artean gelditu arazi zituzten. Frentea osatu zutenak milizianoak ziren, Ermua eta Eibar aldeko milizianoak. Atzetik harrapatu zituzten frankistek eta denak garbitu. Hauen gorpuzkinak dira ustez lubakian daudenak.

Gerra, bailaratik pasa zen, Lasarteko lurrak izan ez arren, guk lan eremu bezala hartu dugu ingurua. Lubakiaz gain, Lasarteko jendeak parte hartu zuen frente ezberdinetan, Hipodromoa armamentu biltegia zegoen, hegazkinak mugitzen ziren bertatik eta hemen ere parte hartu zuten herritarrek.

Lasarten 1936ko irailaren 13an sartu ziren frankistak, Donostia hartu zuten egun berean. 
Bonbardaketak egon ziren bailaran. Testigantzek esan digutenaren arabera, gauez ikusten zen Iru Bidetik pasa-tzen Donostia eta inguruko jendea ihesi karroekin, kotxeekin, ilunpetan kosta aldera, Bilbora batez ere ihesi. 

Fusilamenduak gertatu ziren inguru horretan ere, lekukoek diote, herritarrek tiroak entzuten zituztela eta hurrengo goizean, kasu batean aitona bilobekin joaten zen hildakoak ikustera eta karea botatzen zuten gainean.

Herrira bueltatu ziren herritarrek zer aurkitu zuten?

Errepresioa eta ondorioak batez ere izan ziren herrian pairatutakoak. Bilbotik, Santanderrera joan zen jendea ihesi, Iparraldera gero eta gerra amaituta, herrira bueltatu zen jendea, ezer gabe aurkitu zen. Ondasun guztiak lapurtuta, zerotik hasi behar izan ziren. Gerra aurretik, herrian liskarrak omen zeuden, nazionalistak eta sozialisten artean, Lasarten nazionalistak gehien eta Orian, fabrikekin lotura izanda, sozialistak. 
Gerora sufrimendua izan zen nagusi eta liskar eta lehia politikoak ahaztuta geratu ziren. 
Lana lortzeko markatuta zeuden familiak. Herriko frankistek ez zioten zenbait jenderi baimena ematen lana egiteko, zerrenda beltzak zeuden, zerotik hasi behar izan zuten baina oso baldin-tza txarrekin.

Frankismoaren ikuspegia jaso duzue?

Frankoren aldekoek bere historia kontatzeko aukera izan dute. Guk ezkutuan egon direnak ezagutzera eman nahi ditugu baina bai, behar ditugu ere argazkia osatzeko. Kontutan izan behar dute guk ez ditugula epaitu nahi eta kasu batzuetan ere jakin behar da zergatik izan ziren frankisten aldeko, batzuk behartuta joan zirela badakigu.

Oztoporik izan duzue lanean?

Oraindik artxibotan lan asko egiteko aukerarik ez dugu izan. Andoain, Urnieta eta Hernaniko artxiboetan egon gara eta zerbait lortu ahal izan dugu. Bilbo eta Salamancara edo Galizira jo behar dugu eta nahi dugu horietan ere arakatu baina aurrerago izan beharko du.

Hala ere, Lasarte-Oria herria ez zenez, Hernani edo Urnieta jartzen zuen jaioterri eta desagertu, hildakoen kasuan hemengoak zirela jakiteko banan-banan non bizi ziren ikusi behar izan da eta beti ez da zehazten.

Testigantza eman zutenei omenaldia egin zenieten

Beharrezko ekimena izan zen guretzat. Omendutako jendeak oso ondo hartu zuen, barrena husteko aukera izan eta ondo hartuak izan zirela ikustea garrantzitsua izan zela pentsatzen dugu. Nahiko ekimen sinplea izan zen. Bide batez, uste dugu, horrek jende gehiago animatu duela hitz egitera. 

Dokumentuak eta argazkiak eskatzen dizkiegu herritarrei euren testigantzarekin batera eta oso gauza bitxiak agertzen dira. Adibidez, eraztun bat, senarra Iruñeako espetxean egon zen eta eraztuna egin zuen domino fitxa batekin. Eskutitzan bidali zion emazteari hil baino lehenago. Aranzadik eskatu du hau eta euren liburuan sartuko dute eraztun honen istorioa.

Dokumentuei dagokionez, Andoni Arozenari orduko Jaurlaritzak eman zion baimena jaso dugu. Honetan haurrak bere ardurapean Ingalaterrara eramateko baimena aitortzen zitzaion. Dokumentoa errestauratzen ari dira.

Lubakian espero ez zenuten armamentua topatu zenuten.

Bai, esku granada bat aurkitu genuen lubakian eta Ertzaintzari abisua pasa behar izan genion. Etorri eta haiek lehertu zuten. Hain zuzen, arrazoi hau medio ez dugu zabaldu nahi non dagoen zehazki lubakia, arriskutsua izan daiteke.

Guretzat ere arriskutsua dela badakigu eta garbiketa lanetara goazenean oso kontuz ibili behar dugu. Detektore bat erosi dugu eta hainbat argibide eman dizkigute lanean jarraitzeko. 

Horregatik herritarrei eskatzen diegu arduraz jokatu eta ez gerturatzeko inguru horretara. 
Lana bukatzen dugunean publiko egingo dugu eta jendeak aukera izango du lekua ikusi eta bertan gertatutakoa ezagutzeko. 

Asmoa badugu, lana bukatutzat ematen dugunean, lubakira eta Hipodromoko munizio biltegietatik ibilaldi bat egiteko gerra nondik ibili zen azaltzeko.