Fran Toquero: “Lagunekin jolastea nahiago nuen”

Nerea Eizagirre 2014ko ekainaren 26a

Fran Toquero Ostadar SKT-ko Erregional Ohorezko Mailako atezainak futbola utziko du. Alebinetan hasi zen taldean jokatzen eta 20 urte egin ditu maila ezberdinetan taldearen kamiseta. Beste taldeetara joateko aukera izan arren, herrian geratzea nahigo izan zuen. Momentu ederrak eta latzak bizi behar izan ditu urte hauetan. Harekin bildu gara bere ibilbidearen errepaso bat egiteko.

Alebinetatik Erregional mailara, Erregional maila taldearen jai-tsierak eta igoerak, entrenatzaile eta jolas kide aldaketak... denetarik bizi izan ditu Fran Toquerok 20 denboraldietan. Orain futbola utziko du eta etorkizunean entrenatzaile izango dela onartu du.

Alebinetatik Ostadarren. Zenbat urte dira zehazki? 

Duda daukat ez dakit 94 edo 96n hasi nintzen. Uste dut 9 urte neuzkala, beraz 95ean.
Eskolarretan hasi nintzen, Landaberri Ostadar zen. Adin horretan zegoen kirol federaturik eta kirol eskolarra izan behar zenuen.

Partida kopurua esaten jakingo zenuke? 

Ba ezin dut zehaztu, partida asko dira 20 denboralditan jokatu ditudanak.

Futbola bakarrik egin duzu? Ez beste kirolik?

Nik hasiera batean karate egiten nuen. Baina lagun gehienek futbola egiten zuten eta adin horretan baloiarekin joaten ginen leku guztietara. 

Eta lagunak ikusten nituen modu jarraian edo serio batean entrenatzen eta ideia gustatu zitzaidan. Atezain gabe gertu ziren. Jolas garaitan ni jartzen nintzen eta animatu ninduten.

Beraz atezain txikitatik?
Beno, lehenago urte bat egin nuen jokalari bezala. 7 edo 8 urterekin. Orain eskola kirola egiten den bezala, ba nik fu-tbola egin nuen eta jokalari izan nintzen.

Gero atezain bezala joan nintzen beste taldera. Nire erabakia izan zen. Nire koadrilako bat zegoen atezain lanetan eta gol asko sartzen zizkioten. Kokoteraino zegoen, utzi zuen eta ni jarri nintzen bere lekuan.

Atezainaren postuak erantzukizun handia du... 

Kolpe guztiak jasotzen dituen zakua gara. Ondo egiten duzunean, denek zoriontzen zaituzte. Gaizki egitean, lehenengoa zara kritikak jasotzen. 

Oso erraza da kritikatzea. Niretzat jende gutxik jokatzen du postu horretan eta jende askok daki postu horri buruz. 

Oso zaila da, profesionaletan posturik zailena dela esaten da. Azkenean zelaiko jokalari bat denbora guztian dago jokoan eta atezaina... Zu egon zaitezke 60 minutu baloia ukitu gabe eta bat batean baloia iristen da zuregana eta geratu dezakezu edo gola da. 

Asko zaindu behar al zarete atezainak?

Entrenatzaile asko izan ditut atezaina jokalarien artean fisikoki hoberen egon behar dena esaten zutenak. Nire kasuan ez da horrela inoiz izan. 

Amorrua ematen dit jokalari askok “ez duzue ezer egiten”  esaten dute, “ez duzue korrika egiten, ez zarete nekatzen”... animatuko nituzke atezain entrenamendu bat egitera, zirkuitu, jaurtiketak, etab. Ziur askok ez dutela jasaten. 

Betikoa da, askotan esaten da ez dugula ezer egiten. Lehen esandakoa inor ez da atezain jarri eta mundu guztiak daki honi buruz.

Jokalarien lesioez hitz egiten da normalean, baina atezainek ere min hartu dezakete... 

Bai eta nik nahiko zorte txarra dut horretan. Baina harritzen nau ez dudala inoiz hezurreko lesiorik izan, muskularrak guztiak, bihurrituak, hatzak atera edo dislokatu, ukondoa... baina lesio larririk ez. 

Zuntz-etendurak izan dira larrienak. Azkenekoa pubiseko arazo bat izan zen eta barne-zolak jarri nituen zapatiletan. Ez dut berriro arazorik izan. 

Entrenatzaileak aipatu dituzu. Berezirik izan al duzu?

Entrenatzaile asko izan ditut. Zaila da bat esatea eta konpromiso bat. Beti ikasi izan dut zerbait beraiengandik. 

Baina esate baterako, Futbol eskola batean edo selekzio moduko batean izan nintzen infantil mailan. Urnietako zelaira joaten ginen entrenatzera. Bertan Errealeko ikuskatzaileak zeuden eta besteak beste, Biurrun zegoen entrenatzaile izandakoa. Nere lehenengo edo bigarren urtea izan zen eta oinarrizko ezagutzak hark eman zizkidan. 

Gero Arrasaten ikasten nengoela ere bertako taldekoekin entrenatzen egon nintzen, gu baino bi maila gora zeuden. Azpiegitura eta prestatzaileak zituzten eta entrenamenduak ere teknikoagoak ziren. Hemen ere atezain entrenatzaile ezberdinak izan ditut eta oso ondo. 

Usurbil Cup, Donosti Cup edo nazioarteko txapelketara joan al zara?
Usurbilen futbol 7ko txapelketan batean parte hartu genuen. Baina aspaldi ez dut ia gogoratzen. 

Baina pena hori daukat Donosti Cup eta horrelakoak ez ditudala jokatu. Orduan, Ostadar ez zen horrelako txapelketetara joaten. Orain azken urteetan gehiago. 

Nire garaian ez. Atzerriko taldeen aurka jokatzea oso polita izango zen.

Nazioartekorik ere ez dut jokatu, baina Holandan izan nintzen Erasmus egiten eta bertan talde batean egon nin-tzen jokatzen. Urte erdi eta oso graziosoa zen ingelesez, portugaldar, errusiar, nazio ezberdinetako jendearekin jolastu nintzen.

Kapitain izan al zara?
Ez eta adarra jo izan didate horrekin. Partida solteak egon naiz, kapitaina aldatu eta ni jartzen nintzen edo berezko kapitaina ez zegoelako. Baina egia esan jokatu ditudan urte guztientzako gutxi. 

Entrenatzaile askok esaten zuten atezaina kapitaina izatea ez zitzaiela gustatzen. Eta ez naiz izan. Agian karisma kontua da edo... Lehen mailan normala izaten da, hor dauzkazu Casillas eta Bravo.

Oroitzapen asko izango dituzu. Txapelketa garrantzitsurik? Edo zuretzat momentu bereziena zein izan da? 

Erregional Ohorezkora igotzea izango da garrantzitsuena. 

Baina gero ere beste oroitzapen polita dut Usurbilen. Bigarren mailako finala irabazi genuenean eta igo ginenean. Gure talde kidea Jon Arruti kotxe istripuz hil zen eta taldea asko batu zen. Berari igoera eskaini nahi genion, finala irabazi genuen eta bere aitak eman zigun kopa gainera. Momentu hunkigarriak eta oroitzapen politak izan ziren.

Igoera oso garrantzitsua izan zela esan duzu, bai zuentzat baita Ostadarrentzat ere, ez?

Maila polita da. Garrantzia duena. Herrian futbolean maila txukun batean ibili nahi zuenak herritik kanpora joaten zen Hernani edo Donostiara. Eta pena bat zen. 

Batetik jendearen ikuspegitik, zeren eta nik ere joateko aukerak izan ditut baina nahigo izan dut herriko taldean geratu. Baina horrela da jendeak balio gehiago ematen dio maila bat gorago jokatzeari, herriko taldean jokatzeari baino. 

Eta igoerarekin kalitatea edo maila horretan jokatu nahi zuen jendeari aukera ematen genion bertan geratzeko. 

Gainera, kadete eta jubenilak oso maila altuan daude eta pena bat zen horiei jarraipen bat ez ematea. Erregionaletara iritsi eta taldeak agian ez zuen beharrezko maila eta kanpoko taldeak etorriko ziren eramatea. Horrela aukera dute bertan geratzeko.

Eta momentu txarrak?

Zelaitik kanpo, momentu oso gogorra izan zen Jon Arrutiren heriotza. Beno egia esan aldagelan bere zain ginen, partida hasteko zegoen eta guri arraroa egiten zitzaigun ez etortzea. Orduan eman ziguten berria. Guretzat oso momentu latza izan zen.

Kirolaren arloan, Hondarribin galdu genuen eta bigarren erregionalera jaitsi ginen. Azken partida zen, Hondarribiren aurka jokatu genuen eta galdu. Gogorra izan zen.

Baina badut beste bat. Ez zen hain gogorra izan, zeren eta ez zuen galerarik suposatu. Baina Ohorezko mailara igo baino bi urte lehenago Zumaiakoren aurka ere beste play-off bat jokatu genuen eta deskontuan irabazi ziguten, jokoz kanpo eta amorru eta ezintasun handia sentitu neun. Urte guztia borrokatu genuen igotzeko eta azkenean denbora pasata zegoenean, 3 edo 4 minutu eta jokoz kanpo... guretzat bajoi handia izan zen. 

Beste talde batzuetara joateko aukera izan zenuen...
Ez asko, baina... erregional mailan jokatzen, bitan deitu didate. Jubenil mailan ere dei batzuk izan nituen Vasconia, Hernani... Baina esan bezala, nik lagunekin egotea nahiago nuen. 

Nik argi neukan futbolaz ez nintzela biziko eta zertarako egiten nuen futbola. Azkenean ikasketekin eta guztia bateratzeko... niri pertsonalki ez zidan konpentsa-tzen. Nahiago nuen bi maila beherago jolastu, lagunekin eta gustura egotea.

Erregional Ohorezko mailan uzten duzu Ostadar, baina ez zara bakarra...

Zenbatek uzten duten ikusi beharko da. Jende askok zalantza dauka oraindik.  

Urte guztietan gertatzen da denboraldi bukaeran. Jendea askok utziko duela dio eta gero hilabeteak igarotzen dira eta berriro ere gogoekin zaude, denboraldiak luzeak egiten dira. 
Pena bat izango litzateke guztiek uztea. Ikusiko da.

Baina zuk erabakia hartu duzu dagoeneko, ezta?

Pena handia ematen dit uzteak. Ez da fisikoki ezin dudala, lanarekin kirola ezin uztartu nabil. 
Asteburuetan ere denbora gutxi izaten dut eta ezin dituzu planak egin, baina futbola gustuko baduzu ez diozu hainbesteko garrantzia ematen.  

Erabakia hartu dut dagoeneko burugogor bat naiz eta.  Erantzukizun ba-tzuk ditut eta beste gauza batzuei ematen diet garrantzia. 

Gogoagatik beste bost urte egingo nituzke jokoan, baina...

Futbolak ere nekatzen al du?

Bai, errutina zorrotza da. Astean hiru egunetan entrenatzen duzu eta partida egunarekin, lau. 
Entrenamendua bi ordu eta dutxa azkenean arratsaldea joaten zaizu, larunbatak partidarako. Ezin dut pote bat hartu gero entrenamendua daukat eta, goiz bazkaldu behar dut partida daukadalako... Zentzu horretan neka-tzen du, baina kirola gogoko duzulako egiten duzu eta zaletasun bat delako. 

Urte guztiak gainera ezberdinak dira, entrenatzaileak ez dira bi urte baino gehiago egoten, taldeko kideak ere aldatzen dira eta giro ezberdina egoten da. Nahiz eta bloke nagusia urterokoa izan, urtetik urtera ezberdintasunak daude.

Futbolarekin zer ikusirik duen zerbait egingo duzu? Entrenatzaile izatea pentsatu duzu?

Ziur. Baina orain denboraldi batean lasai egon nahi dut. 

Entrenatzaile lanak ere egin ditut noizbehinka. Lagunak entrenatzaile ziren eta niri esaten zidaten atezainekin laguntzeko. Neskekin, alebinekin, infantilekin... eta oso gustura egon izan naiz.  

Ez dut inorekin hitz egin eta ez dakit noiz izango den baina badakit egingo dudala.