Elena Dominguez: “Argi neukan lanak irabazteko aukera zuela”

maider-azurmendi 2014ko eka. 26a, 11:01

Elena Dominguez herritarrak egindako kartelak iragartzen ditu San Pedro Jaiak. Ez da lehenengo aldia horrelako lehiaketa bat irabazten duela baina hala ere, harritzen da bere lana herriko kale eta dendetan ikusten duenean. Blusak herriko jaietako bereizgarri politenetakoa dela defendatzen du.

Web diseinatzailea da formazioz Elena Dominguez herritarra. Urteak ziren halako lehiaketa batean parte hartzen ez zuela baina aurtengoan berarentzat izan da saria Udalak antolatutako kartel lehiaketan. Herritarra oso pozik dago bere lanarekin eta blusak jaietako bereizgarri nagusienak direla defendatzen du. 

Aurten saria irabazita, datozen urteetan lanak aurkeztuko dituela dio. 600 euroko sariarekin ere zer egingo duen erabakita dauka. 

Nolatan erabaki zenuen parte hartzea?

Azken urteetan pasa egin zait kartel lehiaketa. Egia esateko, ez dut jarraitu kartel lehiaketa aurreko urteetan egin den edo ez eta aurten lagun batek esan zidan martxan zegoela. 

Esan zidanerako, egun gutxi geratzen ziren epea bukatzeko eta uste nuen ez zidala denborarik emango lan bat prestatzeko baina ideia eduki nuen, blusena hain zuzen, ona zela iruditu zitzaidan eta aurkeztu nuen kartela. Azken momentuko gauza izan zen dena.

Blusak etorri zitzaizkizun burura…

Bai hala da. Niretzako San Pedro jaiak hasi aurreko irudi tipikoa da gure herriko balkoi eta leihoetan blusak zintzilik ikustea. 

Jaiak aipatu eta burura etortzen zaidan lehenengo irudia da ia. Taldeen bereizgarriak dira blusak eta hori da niretzat herriko jaiek duten gauza politenetako bat.

Zuk blusa janzten al duzu?

Azken urteetan aitortu behar dut ezetz baina nire armairuan asko ditut gordeta. Uste dut, nerabezaroan egin genuela lagun koadrilan lehenengo blusa eta gerora beste asko egin ditut. 

Orain umeekin jaietako plana aldatu da niretzat eta blusa ez dut jarri azken urteetan. Hala ere, agian animatuko gara berriz… nik uste dut ohitura hori ez dela guztiz galtzen. Lagun taldeak, gerora, adinean aurrera eginda ere, blusak berriz janztera egiten dute.

Beste kartelak ikusita, irabazteko aukera zenuela pentsatzen zenuen?

Ba egia esan bai, inork ez ditu blusak nabarmendu. Ideia oso ona zela benetan sinesten nuen eta lehiaketa irabazteko aukera ikusten nuen ia hasieratik. 

Aurreko urteetako lanak ez ditut ikusi eta ez dakit aurten maila altuagoa egon den ala ez. Kartelen kalitateari dagokionez, bazeuden proposamen interesgarriak.

Lehenengo aldia da horrelako lehiaketa bat irabazten duzula?

Duela urte dezente ez nintzela halako lehiaketa batera aurkezten. Behin, duela urte asko, Inauterietako kartel lehiaketa irabazi nuen herrian eta Andoaingo jaietarako kartel lehiaketa ere irabazi nuen beste behin baina biak aspaldi.

Sariarekin zer egingo duzun pentsatuta duzu?

600 euroko saria da eta egia esan, oso ondo dagoela iruditzen zait. Lehiaketara aurkezteko pizgarri bat bada.

Oraindik ez dut asko pentsatu zer egingo dudan diruarekin, baina suposatzen dut kapritxo bat edo beste erosiko dudala eta gainontzekoa oporretan gastatzeko izango dela. 

Herritarrek aukera izan dute lanak bozkatzeko. Zer iruditzen zaizu?

Udalaren aldetik, orokorrean herritarrei jaietako kartela hautatzeko aukera eskaintzea oso ideia ona dela iruditzen zait. Hala ere, ez dut uste sistemarekin asmatu denik. 

Interneteko botoak jarraitu ditut baina nik uste dut ez duela oso ondo funtzionatu. Desoreka handia zegoen bozketan. Badakit ez dela erraza baina nire ustez, beste modu batera egin beharko litzateke datorren urtean. 

Ikusi duzu zure kartela kalean?

Bai hasi naiz ikusten eta arraro egiten zait. Nik sortutako zerbait kalean eta herriko etxe guztietan egongo dela jakiteak sentsazio arraroa eragiten dit. Baina oso pozik nago. 

Gertuko jendeari ere asko gustatu zaio kartela eta aitortza hori ere edukita, azkenean, oso harro sentitzen zara egindako lanarekin.

Datorren urtean aurkeztuko zara?

Ba orain egia esan, lehiaketa gehiagotara aurkezteko gogoekin nago eta horrela galdetuta esango nizuke baietz, datorren urteko San Pedrotarako ere kartela aurkeztuko dudala. 

Hala ere, lehiaketetara lan onak aurkezteko, denbora eskaini behar zaie eta beti ez da erraza izaten tarte hori bilatzea eta noski, ideia on bat topatzea beharrezkoa da.