Atsobakar zahar egoitza aurki hartuko du bere gain Aldundiak. Hala ere, herriko zaharren egoitzan udalak aldaketa asko egin ditu azken hilabeteetan bertan dauden aitona-amonei ahalik eta zerbitzu hoberena ematen jarraitzeko. Altzari berriak erosi dira eta margotu egin dira hainbat gela, guztira 288.000 bat eurotako aurrekontua izan du udalak.
Egindako aldaketa guztiak erakusteko, ateak zabaldu zituen larunbatean egoitzak. Bertara gerturatu ziren egun dauden aitona-amonen senideak baina baita herritar andana ere. Jai giroan bisitariei ongi etorria emateko kartulinak jarri ziren eta musika zein Kukukakoen emanaldiaz gozatzeko aukera izan zen. Luntxa ere egin zuten eguraldi ona lagun.