Udan ere euskaraz

Txintxarri Aldizkaria 2014ko ekainaren 24a

Azken urteetan bezala, Banaiz Bagara elkarteak antolatzen dituen taldeak eta jarduerak udan ere jarraitzen dute, udak berak ekartzen dituen ikutu berezi eta giro alaitsuarekin. Herrian Jalgin izango da hitzordua ostegunero 15:30ean.

Uda honetan ere euskara praktikatzeko ordu beteko ibilaldiak proposatzen ditu Banaiz Bagara elkarteak. Betiko topalekutik abiatuz eta betiko orduan, norabide eta gai ezberdinetako ibilaldiak antolatuko dira – herria ezagutzeko, dituen mendiak, baratza, parke edo berdeguneak – batzuetan gai jakin batekin lotuko dira: herriko garai bat, pertsonaia bat…

Ibilaldi horiek udan ere hizkuntza praktikatzeko aukera eskaintzen dute, hiztegi berria ezagutu eta lantzeko (natura, herria, hiria, historia….) eta batez ere, bertako jende euskaldun gehiago ezagutzeko; dena udako aireaz disfrutatzen den bitartean.

Parte hartzea doakoa eta irekia da, eta guztiak daude gonbidatuta – euskaraz “zerbait” dakitenak, urtean zehar euskara ikasi dutenak, mintzalagunak eta baita euskaldun zaharrak ere, maila txikiko lagunekin hizkuntza partekatu nahi dutenak.

Hala ere, ibiltzeaz gain, tartean kirola, dantza, kantu saioak eta bisita gidatuak ere eskaintzen dira udan zehar eta horien inguruko informazioa erraztuko da aldez aurretik. Abuztuaren 17an herri talde guztien arteko udako festa irekia egingo da eta horrela amaiera emango zaio udako programa bereziari.

Udako programaren hasiera ekainaren 30ean izango da eta abuztuaren 17a bitartean. Lasarte-Orian hitzordua ostegunetan Jalgin 15:30ean izango da.