San Joanek euriari eutsi dio

Txintxarri Aldizkaria 2014ko eka. 24a, 01:04

Arratsaldean euria egin arren, San Joan sua piztu baino lehen atertu eta emanaldia lasai ospatu ahal izan da. Hainbat herritar hurbildu da Okendo plazara ohiturari jarraikiz urteko gauza txarrak erretzera.

San Joan bezpera iritsi da. Gau magikoa eta horrekin batera San Joan Sua. Lasarte-Orian ohiturari eutsi diote eta Erketz eta Erketzeko lagunak taldeek hainbat herritar eta udal ordezkariekin batera, dantza egin dute Okendo plazan. Ostean sua piztu da. 

Ospakizunak Udaletxe zahar aurrean hasi dira. Kalejiran dantzari, udal batzar kideak eta musikariak Okendora hurbildu dira.

Bertan, sokadantza tradizionala dantzatu da. Aurreko urteetan bezala, Erketz euskal dantza taldekoekin batera udalbatzarreko hainbat zinegotzik egin dute dantza, hala nola, Pablo Barrio alkatea edo EHBildu eta EAJ zinegotziak. 

Aurten herritarrei gonbita egin diete sokadantzan parte hartzera. Hainbat izan dira soka osatu dutenak eta ederki egin dute dantza. Amaieran, fandango, arin-arin eta kalejira bat dantzatu dute.

Kalejiran ari zirela, Pablo Barrio alkateak sua piztu du eta lasarteoriatarrek gazte zein helduek urteko gauza txarrak erretzeko aukera izan dute.

Jaiarekin amaitzeko erromeria izan da Okendo plazan. Haur, guraso eta gaztetxoek ederki gozatu dute.

San Joan zortziko, sokadantza, suaren eta erromeriko irudiak argazki galerian eta bideotekan.