Kinin Calvo garaile Lasarte-Oriako XXVI. Squash txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko ekainaren 22a

Aurtengo edizioan 19 parte-hartzaile izan dira. Martxoa, apirila, maiatza eta ekaina bitartean jokatutako txapelketaren finala larunbat arratsaldean jokatu zen Kiroldegian Kinin Calvo eta Iker Cañedoren artean.

2012ko final berbera izan da aurtengoa eta duela bi urte bezala, aurtengoan ere Calvok irabazi du finala. Ordubete inguru iraun zuen partidak eta 3-1ekoa izan zen azken emaitza (15-7/17-14/12-15/15-9).

Hirugarren eta laugarren posturako partida Iñaki Garcia iazko txapeldunak eta Xabi Amianok jokatu zuten. Hiru ordu laurden inguru iraun zuen partidaren emaitza 3-0ekoa izan zen (15-6/15-12/15-13).

Kontsolazio finalean azkenik, Raul Mateosek Javier Serrano menderatu zuen 3-1 (15-13/17-15/6-15/15-8).

Sari banaketa

Karlos Altuna Udaleko kirol teknikaria eta Taxio Arribalaga zinegotziak banatu zituzten garaikurrak. Guztiek talde argazkia atera ostean, Altunak Squash txapelketa mantentzearen garrantziaz hitz egin zuen: "Squash-a gainbehera datorren kirola da. Andoain eta Usurbileko pistak itxi zituzten, Hernanin bakarra dago eta garrantzitsua iruditzen zaigu Buruntzaldean urtero emozioa mantentzen duen txapelketa bat izatea".

Behin saribanaketa eginda, afari-merienda txiki bat egin zuten saridun guztiek Kiroldegi kafetegian.