Ibon Fernandez Iradi askatzeko eskatuz, ekitaldi xumea

Txintxarri Aldizkaria 2014ko ekainaren 21a

Zigorren aplikazioaz arduratzen den Pariseko epaitegiak Ibon Fernandez Iradi presoaren kondena suspentsioa onartu bai, baina baldintzak jartzen dizkiola jakin zen atzo. Batetik, "Frantziar estatuan egoteko debekua" altxatzea eta bestetik Pirinio Atlantakoetako departamendutik kanpo bizitokia finkatzea.

Lehen baldintzak ekarriko lituzkeen zailtasunak azpimarratu ditu Maritxu Paulus Basurco abokatuak: "Ez badu debekua kentzea lortzen ez da aterako". Horrek balizko askatasuna urte betez atzeratuko luke, izan ere "Frantses lurralde debekua" altxatzeak beste epaitegi batetara jo behar izatea suposatzen du. 

Maritxu Paulus-Basurco abokatuak azaldu duenez, "penen suspentsioa aginduz, berehalako askatasuna behartzen duen osasun egoeraren larritasuna onartzen du epaitegiak, baina baldintza jakin horiek jarriz, bere erabakiari egingarritasun guztia kentzen dio eta horregatik hilabete luzez geratu beharko du espetxean".

Medikuak kezkatuta

2011. urtean Ibon Fernandez Iradi hainbat sintoma neurologiko pairatzen hasi eta zenbait mediku azterketa egin ostean, duela urte eta erdi esklerosi anizkoitza diagnostikatu zitzaion.

Goizeko prentsaurrekoan hitza hartu du Jabi Hernando konfiantzazko medikuak: "Gaixotasun larria da eta bilakaera progresiboa du. Denboraren poderioz sufrimendu eta minusbaliotasun handiak sortzen ditu eta ez dauka guztiz sendatuko duen tratamendurik".

Hori dela eta, Udaletxe berriaren atarian bildu diren herritarrek Fernandez Iradi askatzeko eskatu dute. Argi hitz egin du Hernando medikuak: "Patologia hauek dituzten pertsonak baldintza hauetan mantentzea giza eskubideekin lotutako arazo bat da. Izan ere, presondegiek gaixo hauen tratamendua zaildu eta gaixotasuna okertzen dute. Estatu frantses eta espainiarrean gaixo hauek kartzelan jarraitu beharko ez luketela dioten legeak egon badaude. Gutxieneko oinarri humanitariodun gizarte batek ezin ditu halako kasuak onartu. Arrazoi guzti horiengatik kalean beharko luke Ibonek".

Presoen Lagunak taldeak gogorarazi du Ibon Fernandez Iradi ez dela larriki gaixo dagoen preso bakarra. Kasu itzulezinak pairatzen dituzten beste hamaika lagunen askatasuna ere eskatu dute eguerdiko ekitaldian bildutakoek.

Azkenik, San Pedro festetan, ekainaren 29an arratsaldeko 20:00etan mobilizatzera deitu dute, "Denborak ez du etenik... gaixo larriak askatu! Ibon kalera" lemapean.