“Euskara ikasteko bekak %40tik %85era igo dira”

maider-azurmendi 2014ko ekainaren 20a

Udalak euskara ikasleentzat orain arte zegoen beka sistema aldatu egin du. Maiatzetik, euskara ikasten duten herritarrek, %85eko beka jaso ahal izango dute, beti ere, ikastaroa 80 ordutik gorakoa izan bada eta asistentzia %85ekoa. Beka hauek ikastaroa amaitu eta hamabost eguneko epean eskatu behar dira. Onartuta, diruaren %60 orain bueltatzen da eta abenduan gainontzekoa.

Boris Nogales da udaleko Euskara batzorde burua. Aurten lehenengoz euskara ikasten ari diren ikasleentzat beka sistema aldatu da. Udala eta Euskara saila sortu zirenetik martxan zeuden beka hauek eta aldaketa gutxi izan dituzte urte hauetan guztietan. Zaharkituta eta nahikoa ez zirela iritzita, aurten %40tik %85eko laguntza jaso ahal izango dute ikasturte honetan euskara ikasi duten ikasleek. 
Kurtsoa amaitu eta hamabost egun dituzte hau eskatzeko beraz, askorentzat gaur zabalduko da epea. Neurri honekin herritarrak euskara ikastera animatu nahi ditu Udalak. Iaz 110 beka eman zirela aipatu du Nogalesek eta aurten antzeko kopurua espero bada ere, aurrerantzean gehitzea izango litzateke nahia.

Zehazki zer dira euskara ikasteko beka hauek?
Euskara ikasten diharduten herritarrek aukera dute ikasturtean matrikulagatik ordaindu dutena berreskuratzea beka hauei esker. Udal euskaltegian zein beste edozein euskaltegi edota barnetegietan parte hartzeagatik eskuratu daiteke beka. Gogoan izan behar da, behin ikasturtea pasata eskatu behar  direla. Adibidez udal euskaltegiko ikasleek gaurtik hasi eta hamabost eguneko epea dute diru laguntza hau eskatzeko. 


Aurten aldaketa garrantzi-tsuak egin dira. Zeintzuk?
Lasarte-Orian genuen beka sistema bailaran zegoenarekin alderatuz, oso zaharkitua zegoen, Udala eta euskara zerbitzua sortu zirenetik zegoen indarrean beraz dagoneko urte batzuk zituen. 
Iaz erabaki genuen aldaketa egin behar zela eta ikasturte honetan gauzatu. Bestalde, euskara ikasten duten herritarren eskaera bat ere izan da. 
Urte askotan aldatu gabe egonda kexaren bat jaso dugu. Gertatu delako hiru herri ezberdinetako ikasleak izatea gela berean, udal euskategian, eta herrikoak izatea diru gutxien jasotzen zutenak beka hauen bitartez.

Halakoek hausnarketara eraman gintuzten eta horregatik bailaran dauden bekekin parekatzeko aldaketa egin da aurten. 

Diru gutxien ematen zuen herria zen Lasarte-Oria?
Bailara mailan gutxien ematen genuen herria ginen bai. Egia da ere, bi sistema genituela; orokorra, edozein herritarrentzat %40 arteko beka eta talde berezientzat, guraso, merkatari eta begiraleentzat, %75 arte. Diruari dagokionean gutxien ematen genuen Udala ginen eta bestetik, betebeharreko baldintza zorrotzenak jartzen zuena, izan ere, %90eko asistentzia eskatzen zen. Orain hau ere aldatu dugu eta asistentzia %85 izan beharko du.

Zenbat ikasle izaten dira beka hauen onuradun?
Aurten ez dakigu oraindik. Ikasturtean zehar euskara ikasten aritu diren herritarrek orain eskatu behar dituzte bekak, lehen aipatu bezala, iazkoan 110 eskaera izan genituen gutxi gorabehera. Aurten eskaera kopurua an-tzekoak izatea espero dugu. 

Bakoitzak egin duen ikastaroa amaitu eta 15 eguneko epean eskatu behar du.

Bekak bikoiztuta, diru partida bikoiztu egin da?
Bai bikoiztu egin da beka hauetarako bideratzen den dirua, iazko aurrekontuetan 25.000 euro bideratu genituen eta aurten 45.000 euro onartu ditugu. Esan behar da, Euskara saileko diru partida osoa, 2014ko aurrekontuan, iazko berdina izan dela, baina iaz adibidez liburu bat argitaratu genuen eta aurten proiektu hori ez dagoenez, diru hori eta bestelako ajusteak eginda, bideratu ahal izan da.

Matrikula ordaintzeko bestelako erraztasunak egongo dira?
Bai, beka sistema indartzeaz gain, hurrengo ikasturterako aurreikusi dugu ikasleei matrikula ordaintzeko nolabaiteko erraztasunak ematea ere. Erraztasunei dagokionez, udal euskaltegiko ikasleek hamar hilabetetan ordaindu ahal izango dute matrikula, hilabetean 46 euro inguru. Horrek matrikulazioan eragina izango duela pentsatzen dugu. Beka, argi utzi nahi nuke, edozein euskaltegietan dabilen herritar orok du aukera eskatzeko.

Horretaz gain, Gizarte Zerbitzuetatik kudeatzen diren exentzio, tasak ordaintzeko salbuespenak, eta hobariak daude eskuragarri.

Edozeinek eska dezake hobaria?
Gizarte Zerbitzuek bideratzen dituzte halako laguntzak eta  2014an salto handi bat eman da esparru honetan ere. Orokorrean langabezia tasa eta bizi dugun krisi egoeraren aurrean nolabait laguntzeko. 
Exentzio edota hobariak,  udal tasa guztietarako eska daitezke eta eskuratu ditzakete langabetu edota diru sarrera gutxi dituzten familietako kideek. Udal euskategian adibidez, matrikula Gizarte Zerbitzuek onartzen duten hobariaren arabera ordainduko dute herritarrek.

Hobaria eta bekak bateragarriak dira?
Bai, hobariak eta bekak bateragarriak dira, hau da, herritar bati %25eko hobaria onartzen bazaio gizarte zerbitzuetatik, herritar horrek beka eskatu ahal izango du, berak ordaintzen duen diru kopuruagatik.
Hobariak %25, %50 eta %75ekoak ematen ditu udalak.

Barnetegi edota bestelako euskara ikastaroak egiten dituzten herritarrek eska dezakete beka?
Orain arte barnetegiak hiru hilabetekoak izanda onartzen ziren bakarrik. Baina orain onartuko dira ere hilabeteko barnetegiak, beti ere, minimoa betetzen bada. 
Hau da, beka eskatzeko gutxienez, 80 orduko ikastaroa izan beharko du. 

Herritar gehiago animatuko al da euskara ikastera?
Espero dugu bultzada garrantzitsua izatea, horretarako egin dugu behintzat ahalegina. Gainera udaletxeko bekarekin batera, HABEren azterketak gainditzen badira, ikasleek HABEren diru lagun-tza ere eska dezakete eta hori onartuta, herritarrek ia ordaindutako %100 jaso dezakete bueltan. Oso aukera ona dela iruditzen zait.


Neurria nahikoa dela iruditzen zaizu?
Argi dago erakundeon aldetik doakotasunerako joera dela nagusi eta hala beharko lukeela.
Momentuz, bide ezberdinak egon daitezke euskara ikasleek ahalik eta laguntza gehien jaso dezaten. Guretzat orain martxan jarritakoarekin aukera badago %100a eskuratzeko, laguntza ezberdinak eskatuz bada ere. 

Euskara batzorde burua naizen neurrian, hau proposatu genuen sailean landu ondoren, onartu eta ikusiko dugu aurrerantzean zein pauso eman daitezkeen. Orain, gure esku dago beka eta laguntzen inguruko informazioa ikasle eta herritar guztiei irisaraztea hain zuzen, lehen esan bezala, euskara ikastera gehiago animatu daitezen datorren ikasturtera begira.
Horretan gaude eta espero dugu herritarrek ondo erantzutea neurri berri hauen aurrean.

Datorren ikasturtean jarraikortasuna izango al du beka sistema honek?
Ordenantza aldatu dugu, beraz, hartutako konpromisoa sendoa da.