Squash finala bihar

Txintxarri Aldizkaria 2014ko ekainaren 20a

XXVI. Squash txapelketa Soziala bihar amaituko da. Arratsaldeko 16:00etatik aurrera, squash-aren zaletuek hitzordua dute kiroldegian. Kontsolazio finala, 3. postuaren lehia eta final handia izango dira ikusgai.

Martxoaren 31ean 19 jokalarik hasi zuten XXVI. Squash Txapelketa Soziala. Bihar berriz, jolastuko dute finala handia. Bi fase ezberdin jarraitu dira txapelketa honetan. Lehenengoan bi multzotan banatuak 19 jokalariek ligaxka jokatu zuten. Talde bakoitzeko hiru hoberenak txapeldunen faserako sailkatu ziren. 

Hauek Xabier Amiano, Dani Davila, Imanol Olaizola eta iazko txapelketako lehen hiru sailkatuak Iñaki Garcia Muñoz irabazlea, Iker Cañedo txapeldunordea eta bron-tzezko postua eskuratu zuen Kinin Calvo izan dira. 

Hilabete honetan zehar, itzuli bakarreko ligaxka jokatu dute eta sailkapeneko lehen biak izango dira finala jokatuko dutenak. Asteazkenera arte, finalerako txartela izan zuten multzo honetan jokoan. Bestalde, gainontzeko jokalariek kontsolazio fasea jokatu dute. Hau kanporaketa sistema bitartez erabaki da eta Javier Serrano eta Raul Mateos iritsi dira finalera.


Finalak
Era honetara, bihar arratsaldeko 16:00etatik aurrera squash-aren festa izango da kiroldegian. Partida interesgarriak ikusi ahalko dira squash pistetan. Lehenik, aipatu legez, Javier Serrano eta Raul Mateosen arteko kontsolazio-finala izango da.  

Aldi berean, 3. postua izango da jokoan. Honetan iazko txapelduna Iñaki Garcia Muñoz eta Xabier Amiano izango dira aurrez aurre. Ondoren, final handia jokatuko dute Iker Cañedo eta  Kinin Calvok. Hauek 2012. urteko finala izango dute gogoan. Orduan, Calvok irabazi zuen. Beraz, Ikerrek azken bi urteetan ihes egin dion txapela lortzeko aukera du, Kinin Calvok berriz, 2012. urtean eskuratutako garaikurra berriro jantzi ahal dezake. Partida interesgarria benetan. Finala amaitzean, saribanaketa izango da. Jokalariek udal ordezkarien eskutik jasoko dituzte trofeoak.