San Pedro jaiak hasteko aste bete geratzen da. Baina herriko hainbat elkarte eta taldeek ikasturte amaierako emanaldiak edo San Pedro jaietako txapelketak antolatu dituzte. Aste honetan Udal Musika Eskola, Biyak Bat elkartea eta Lan eta Lan antzerki taldea dira.
Udal Musika eskolak asteartea eta asteazkenean eskaini zituen ikasturte amaierako kontzertuak Manuel Lekuona kultur-etxean. Asteartean oholtza gainean, eskolako txikiak eta hainbat instrumentu izan ziren. Asteazkenean kamara taldeen edo helduen taldearen musikaz gozatzeaz gain, ikasleen diploma banaketa ere ikusi zuten emanaldira hurbildu ziren herritarrek.
Txapelketa eta abesbatza
Biyak Bat elkarteak berriz, San Pedro jaietako mugimendu, mahai eta karta jokoen txapelketak jokatu ditu hilean zehar. Herriko jubilatuak mahai inguruan bildu eta bakarka, zein banaka hainbat txapelketetan parte hartzeko aukera izan dute.
Musa 4 eta 8 erregeetara, tutea, eskoba edo brika izan dira hauetako batzuk. Asteazkenean, rabino lehiaketa izan zen. Ostegunean, berriz, seietara jokatu zen txapelketa. Baina ez dira hitzorduak amaitu gaur, partxis txapelketa izango da eta astelehenean, ekainaren 23an, domino norgehiagoka ikusi ahalko da. Ekainak 24ean, aldiz, Biyak Bat elkarteko egoitza utzi eta Isla plazan pote, igela eta toka jokoen buruz burukoak izango dira.
Ekintza hauek guztiak arratsaldeko 16:00etan hasiko dira. Saribanaketa, berriz, ekainaren 26an, osteguna arratsaldeko 18:00etan izango dela aurreratu dute elkarteko kideek. Bestalde, ekainaren 25ean, 19:00etan Biyak Bat abesbatzeko kideen ahotsak entzuteko aukera izango da Ama Brigitarren komentuko kaperan. Elkarteak bazkide eta lagunak gonbidatzen ditu antolatutako ekintzetan parte hartu eta jaietaz gozatzera.
Las nueras de Adan
Azkenik, gaur arratsaldeko 20:00etan Lan eta Lan taldearen antzezlan berriaz gozatu ahalko da, Las nueras de Adan. Umorea ardatz harturik, autore ezberdinen bakarrizketak taularatuko dituzte. Emozioak, erokeriak,... ziur saio atseginaz gozatzeko aukera izango dutela Manuel Lekuonara hurbiltzen diren herritarrek. Sarrerak internet bidez, 3,24 euro balio du; leihatilan, 3,50 euro.