Sorgin Jaiak ere prest

Txintxarri Aldizkaria 2014ko ekainaren 19a

Sorgin Jaiak-eko kideek San Pedro jaietarako ekintza egitaraua aurkeztu dute Okendo plazan. Ohi bezala festei hasiera emango diote egun bat lehenago, ekainaren 26an txupina botako dute Okendotik eta Xirimiri eta Ostadar omendu nahi dituzte.

Arratsaldean aurkeztu dute Sorgin Jaietako kideek Okendo plazan San Pedro jaietarako prestatutako egitaraua. “Azkenean badatoz Sorgin Jaiak. Urtebete pasa dugu une hau itxaroten eta hilabeteetako prestakuntza ondoren, prest gaude herria berriz edabe magikoz sorgintzeko”.

Datorren astean emango zaie hasiera herriko jaiei eta hauekin batera Sorgin Jaiak lantaldeak ere egitarau zabal eta parte-hartzailea bideratu duela adierazi dute. 

Omenduak
Aurtengoan Sorgin Jaiek Ostadar eta Xirimiri omendu nahi dute. “Norbaitek jaiei hasiera eman beharko diela eta aurten Ostadar S.K.T eta Xirimiri elkartea batera zoriontzeko aukera aproposa da. Batak 30 urte eta besteak 25, gazte-gazte biak eta oraindik ere lanerako gogo eta indarrarekin”. 

Bi elkarteak herriari asko emandakoak direla azaldu dute, “laguntzeko prest eta herriko mugimendu eta herritarretatik beti gertu. Ez gara atzera begira jarriko, baina askotan egin dugu topo kaleko ekintza ezberdinetan. Bereziki eskertu nahi diegu gainera, Sorgin Jaiak sortu zenetik izan diren momentu gogorrenetan emaniko laguntza. Biba zuek!”

Horregatik, “aurten sorgindurik dauden lagun taldeak omentzea ezin egokiago iruditu zaigu, izan ere, esker oneko hitzak besterik ez ditugu zuentzat”. Aurtengoa nahiko urte berezia izan dela ere aipatu zuten antolakuntza eta adin tarte askotariko lasarteoriatarrez osatua izan baita Sorgin Jaiak taldea. “Aldaketa hau oso aberasgarria izan da denontzat. Sorgin Jaia gazteek antolatutako festa izatetik at, “gaztetasun” desberdinekoek ere prestaketan esku hartu baitute”.

Ekintza bereziak
Egitarauean, jokoak, kontzertuak, txapelketak denetarik antolatu dute eta horien artean hainbat azalpen eman dituzte. Ekainaren 28an, bazkari herrikoirako, 12:00tatik aurrera Tximistarreta plazan kuadrila bakoitzak bere bazkaria prestatu beharko du. 

Sorgin Jaiek jarriko dituzten aulki eta mahaiak eta edaria sagardoa, ura eta ardoa, txartelak 2 eurotan salgai daude Artizar, Gure Etxea, Avenida, Trumoi eta Ilargin. Bakoitzak janaria prestatu beharko du eta bazkaltzeko beharrezko tresnak eraman sua,  parrilla, eltzeak, kubiertoak, platerak..., janaria, umorea eta konpainia ona ere eskatu dute. Kalimotxo lehiaketan parte hartzeko berriz, bakoitzak bere ardoa eraman beharko duela aipatu dute baita hau irabazteko bakoitzak erabiltzen dituen “osagai sekretuak” ere. 

Amaitzeko, Sorgin Gunean eraso sexista, arrazista eta homofoborik onartuko ez direla esan dute. Era berean, “gunea txukun mantentzen lagun dezazuela eskertuko genizueke”. 
Herritarrak festa hauetan gozatzera animatu dituzte Sorgin Jaietako kideek.

Ekonomia

Songin Jaikoek jarraian bere osotasunean jasotzen dugun idatzia ere zabaldu nahi izan dute: "Sorgin Jaiak sortu zirenetik, arlo ekonomikoa izan da buruhauste gehien sortu duena. Kontzertuak, argiak, arropa, bazkariak, edaria, txosna, eta abar luze bat. Ordea ekonomikoki urte guztiak orokorrean onak izan dira, ez da zulo ekonomikorik egin eta horrek jaietan geroz eta inbertsio gehiago egitea ahalbidetu du. Zergatik? Lehenik, militantzia lana ezinbestekoa izan da, antolatzen, eraikitzen, eztabaidatzen eta koordinatzen lanean agon den banako horiei esker ez balitz, munduko diru guztiak ere ez luke horrelako jai herrikoi bat errealitate izatea lortuko. Eta asko dira, zarete, proiektu honetan parte-hartu duzuenak. Biba zuek. Argi dago zoritxarrez, dirurik gabe ezin direla gauza guztiak lortu, honela Sorgin Jaiek ere dirua behar izan dute jai eredu berri bat eraikitzeko. Eta ez dago zalantzarik, finantziazioaren 100%a herritarren kontsumotik dator. Hau da, herritarrok txosnan, zapiak erosten edo eta arropa erosten eginiko gastuak proiektu hau errealitate izatea ahalbidetu du. Honegatik herritar guztiei mila esker. 

Orain artean, ekonomikoki izandako irabazietatik, herriko elkarte guztien esku egon den megafonia eta bestelako baliabideak erosten inbertitu ditu sosak ordea aurten Sorgin Jaiak antolakuntzak, herriari ilusio eta esker hori itzuli nahi dio. Gaur egun, base ekonomiko egonkor bat lortu dugu, aurrera begira ere base hori izaten jarraitu nahiko genuke, baina Sorgin Jaiakek izan ditzakeen irabaziak herriaren esku utzi nahi ditu. Hau da herriari itzuli.

Nola ordea? Sorgin Jaiek, 2014ko jai hauetan ateratako irabaziak herriko proiektu edo proiektuak diruz laguntzeko erabili nahi ditu. Kirol proiektuak, proiektu sozialak, kulturalak,ekologia, gazteek, helduek edo jubilatuek bideratuak... Baina argi eta garbi, Herritik eta herriarentzat izan beharko duen proiektua. Irabazi asmorik gabeko proiektua. Sorgin Jaiek, proiekturako diru kopurua eta proiektuaren oinarriak jaien ostean azalduko ditu."