Kiroldegiko proiektua berdin garatu behar dela azaldu du EHBilduk

Txintxarri Aldizkaria 2014ko ekainaren 19a

EHBilduk PSE-EEko ordezkariek kiroldegi berriaren proiektuaren inguruan egindako kritiken eta zenbait adierazpenen inguruko argipenak eman dituzte. PSE-EEren arduragabekeria eta gezurra salatu du. Alderdi sozialistak agerraldian aurkeztutako proiektua zirriborroa besterik ez dela eta proiektua berdin gauzatu behar dela jakitera eman dute.

Nerea Sanchez Hirigintza eta Taxio Arrizabala Kirol arduradunek EHBilduren izenean, Kiroldegiko proiektua dela eta, alderdi sozialistari erantzuna eman diote gaur goizean.
EHBilduren ustetan, “kritika hauek ez dute inolako justifikaziorik eta guztiz arduragabeak dira, interes politiko-elektoralista huts batzuei soilik erantzuten diete”.

PSE-EEko ordezkariek haien agerraldian jada onartutako proiektu bat badela zioten arren, gezurretan dabiltzala salatu dute. “Aurreko legegintzaldietan, ez da sekula udalbatzar edo batzorde bakar batetan kiroldegia berritzeko proiekturik onartu. Eta horrelako dokumenturik ere ez digute utzi. Hirigintza departamentuan, bulego teknikoak egindako zirriborro batzuk dira ditugun bakarrak, oinarrizko proiektu bat ere izatera heltzen ez direnak”. 

Gainera, PSE-EEren planteamendua ezegokia eta arduragabea dela deriotzo EHBilduk, “errealitateaz jabe izan gabe, obra handi bat egitea asmo dute, kirola egin nahi eta egiten duen jendearen beharrak kontutan izan gabe”. 

Proiektua berdin
“Gustu txarreko manipulazioetan ez erortzeko“, momentu honetan oinarrizko proiektu bat bera ere ez dagoela eta proiektu honen lanketak, PSE-EEk herriko etxe guztietan banatu dituen planoetan oinarrituta egonda ere, kostu berbera edo handiagoa izango lukeela jakinarazi dute.

“Lan osoa PSE-EEk banatutako esku-orrian jasota dagoela aditzera eman nahi dute. Norbaitek hori proiektu serio bat litzatekeela sinesten al du? Exekuzio proiektu bat ez ote dute behar marrazki horiek?“, gaineratu dute

Eta arlo honetan lan serio bat egite aldera, “aurreikusitako Plan Estrategikoarekin jarraituko dugu, herriko egungo kirolaren egoera, herritar guztien ekarpenak jasoaz ebaluatuko duen azterketa eginaz. Ostean, ikerketa honetan aurreikusiko diren kirol instalazioen moldaketa edo eraikitze lan berriekin, proiektua garatuko da. Gure herriak behar duen adinako proiektu serio eta landua kirola edo jarduera fisikoa egiten duten herritarren iritzi, proposamen eta beharretan oinarrituko dena“.

Hau guztiaz gain, “70m² neurtzen zituen bulegoa izatea planeatu zuen Jesus Zaballos berberak, 20.000€ inguruko kostuarekin, komuna barne eta sofaz horniturik, orain, gure herriarentzat estrategikoa izango den eta Lasarte-Oriako kirolaren etorkizunean funtsezko paper bat beteko duen azpiegitura batez mintzo denean, aurrezteaz dihardu. Benetan, ezin ulertu dezakegu nola izan daitekeen horren fariseua,” kritikatu dute.