PSEk Bilduk, EAJ eta LOHP-en “pasibotasunarekin” egin duen festen “politizazioa” kritikatu du

Txintxarri Aldizkaria 2014ko ekainaren 18a

PSE-EErentzat Bilduk ia jaien antolaketa Sorgin Jaiei utzi die aurten, “ezker abertzaleko jendea ordezkatzen dute hauek eta San Pedro jaiak denenak izan behar dira”.

Jesus Zaballosen esanetan, “herriko festen egitaraua osatzeko garaian, lasarteoriatar guztientzat gustagarri izango diren ekintzak antolatu behar dira, eskaintza nahikoa eginda eta herriko leku desberdinetan. Jaietan parte hartu nahi duen orok aukera izan dezan”. Sozialisten hitzetan, “udalak Sogin Jaietako kideei eman die festetako gune nagusia eta bertan antolatuko dituzte kontzertuak eta nahi dituzten ekintza guztiak, kontrolik gabe eta diru publikoarekin lagunduta gainera. Horien artean, kalimotxo lehiaketa bat edota 5:30 eta 6:30ean antolatutako ekintzak. Udalak onartu ditu euren ekintzak ondorioetan pentsatu gabe”.

Bilduk hainbat kontzertu antolatzeko erabilitako dirua gehiegizkoa dela dio Zaballosek. Andatza edota Isla plazetan antolatutako kontzertu eta berbena alternatiboak ez dira iristen aurrekontuaren herenera. Aldi berean, Zaballosek bere atsekabea adierazten du oharrean, goizeko bigantxak kentzeko erabakiaren aurrean.

“Azken batean, Bilduk bere jarraitzaileentzat antolatu ditu festak gainontzeko herritarrak aukerarik gabe uzten dituen bitartean, eta guzti hori EAJk eta LOHPk onartuta”.