Gaur eguerdian, Gorka Lizarraga Gizarte Zerbitzuetako saileko buruak eta Ana Prieto Zerbitzuak saileko arduradunak Atsobakar egoitzan egin den itxura aldaketa aurkeztu dute.
Gorka Lizarragak azaldu duenez, "2012. urtean birgaitze lanak egin ziren Foru Aldundiaren laguntzaz, aurten altzari guztiak aldatu ditugu. Beraz, berria dagoela esan daiteke".
Egoitza osoko altzari aldaketak 288.000 bat eurotako aurrekontua izan du. "Montte enpresak egin du aldaketa. Esate baterako, ohetan somier elektrikoak jarri dira," aipatu du Ana Prietok.
"Altzari funtzionalak izatea nahi genuen, egoiliarren erabilera eta beharrei egokitutakoak. Izan ere, egun egoiliarren %90 menpekoak dira. Gainera, zahar egoitzak bizia duela adirazi nahi izan dugu eta horregatik kolore ezberdinetako altzariak daude, lehen solairuan marroi eta laranjak, bigarrenean berdeak eta azkenekoan urdin eta moreak".
Hau guztiaz gain, udal ordezkariek jakinarazi dute eguneko zentroa 25 plazara eta zaharren egoitza 57 plazara homologatu eta egokitu dela. "Egun 51 pertsona daude egoitzan eta 15 erabiltzaile eguneko zentroan, baina era honetara, Foru Aldundiak nahiez gero, kopuru horiek zabaldu ditzake," azaldu du Gizarte Zerbitzuetako buruak.
Bestalde, aurki eskumen aldaketa izango dela aurreratu dute, "20 urteren ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere esku hartuko du egoitza".
Ate irekiak
Hau guztiagatik, "ospakizun egun" bat egin nahi izan du Udalak eta larunbatean 11:00etatik 13:00etara familia eta herritar guztiei irekia egongo da Atsobakar zahar egoitza.
"Amalur trikitixa taldeko lagunek egoitza girotuko dute, Kukuka antzerki eta dantza eskolako kideen emanaldia eta luntxa ere izango da" aipatu du.
Gainera, egoitza ezagutzeko aukera ere izango da goizean zehar, 11:30, 12:00 eta 12:30ean egingo diren bisitei esker.
Udal ordezkariek herritarrak eta familiak gonbidatzen dituzte ate ireki egun honetan parte hartzera.