Ohitura den legez, larunbat eguerdian eman zitzaion hasiera XXI. Rocioko Erromeriari, Astobakar auzoan. Handik aurrera, bi egunetan ez zuen etenik izan herriko andaluziarren jaiak.
Larunbateko ekitaldi nagusiak arratsaldean izan ziren, herrian ezaguna den Merche Montes kantariaren ikuskizuna, gonbidatutako etxeetako koru roziero ezberdinen emanaldia eta gau partean, Amigos del Sur taldearen emanaldia egin zirelako.
Igandean festa nagusia
Semblante Andaluzek antolatutako jaialdiaren egun handia eta jendetsuena atzokoa izan zen.
11:30etan meza rozieroa ospatu zuten Arantzazuko Amaren parrokian, "Semblante Rociero" koruak abesturiko piezek girotuta.
Behin meza amaituta, Rocioko birjina elizatik atera eta kanpoan zain zeuden herritarren koru eta gitarra akordeen laguntzaz hainbat kantu eskaini zizkioten kofradeek birjina bizkarrean hartu eta Atsobakarrerako bideari ekin aurretik.
Auzoko parkera iristean, herriko agintari eta etxe gonbidatuetako kideak zain zeuzkaten ongi-etorria emateko. Urtero bezala, ardoarekin egin zuten topa amabirjinaren aurrean.
Behin Atsobakarreko parkeko belardietan bazkari legea eginda, Irungo Embrujo, Errenteriako Concha Rociera eta Aljarafe, Andoaingo Triana eta Zuena eta Arrasateko Al-Andalus elkarteek euren ikuskizunak eskaini zituzten ikurrina eta andaluziako banderaz apainduta zegoen eskenatokiaren gainean. Guztiek “soleá”, “alegría”, “tango” eta “runba” ederrak eskaini zituzten.
Ilunabarrean berriz, Alegria de la Sierra taldearen emanaldia izan zen birjinari azken agurra eman aurretik.
Asteburuko irudiak: http://txintxarri.info/galeria/603/
Bideoteka: http://txintxarri.info/bideotekak/160/