Izkiña txapeldun

jon-altuna-egitegi 2014ko ekainaren 15a

Ohi bezala, intentsitate handiko partida jokatu zuten Izkiña eta Txindoki taldeek Ostadarrek antolatutako herriko areto-futbol txapelketako finalean. Azkenean, Oscar Garciaren mutilek irabazi zuten neurketa eta iazko txapeldunak kiroltasun osoz onartu zuen porrota. Txapelketako jokalari onena Ander Petxarroman izendatu dute eta atezain onenak Mikel Godoy eta Jokin Alaña.

Itxura polita hartu zuten larunbat arratsaldean Lasarte-Oriako kiroldegiko harmailek. Jendetza hurbildu zen pankarta eta guzti euren mutilak animatzera. 
Partida hasi bezain pronto aurreratu zen Izkiña Iñigo Jakaren golarekin. Beste bi ere sartu zituzten 23. minutuan Unai Latailladek korner bidez eta 26.nean Ares Gonzalezek penaltiz.
Txindoki ez da erraz amore eman zalea ordea, eta Javier Gomezek distantziak laburtu zituen. Gutxi iraun zien pozak iazko txapeldunei. Izan ere, Ares Gonzalezek hurrengo minutuan markagailuan 4-1ekoa -bere bigarren golarekin- jarri baitzuen. 
Minutuak aurrera zihoazen eta Txindoki saiatu arren, Izkiñako mutilak defentsan sendo eta uneoro ondo kokatuta ikusi genituen, urduritasuna aldageletan utzi eta baloi bakoitza azkena bailitzan defendatuz. 
Baina lan horretan ari zirela, penaltia egin eta Txindoki tabernako Joseba Mugak penaltia gauzatu zuen 4-2koa ezartzeko.
2013-2014ko edizioko finala emaitza horrekin amaituko zela zirudienean, azken minutuan, Izkiñak doble-penalti bidez behin betiko 5-2koa ezarri zuen.
Pozarren zen Oscar Garcia Izkiña tabernako entrenatzailea garaipena lortuta: "Txapelketa handia osatu dugu, gogorarazi behar da Liga Erregularra Txindokik irabazi zuela, aurretik izan genuela, baina partida bakarrera edozer gauza gerta daiteke. Oso harro nago mutilek egindako partidaz eta Txindoki ere goraipatu egin nahi nuke aurkari eta lehiakide bikaina izan delako. Orain ospatzea tokatzen zaigu".

Kontsolazio finala
Hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida Izarra Bitxitegia eta Balerdi Harategiaren artekoak erabaki zuen. Finaleko emaitza beraz irabazi zuen Izarrak A. Hernando, C. Segura, A. Intxausti (2) eta J. Los Arcosen golekin.Balerdiren golak E. Briones eta E. Odriozolak sartu zituzten. 
Finaletako jokalari onenaren saria Izkiñako Ares Gonzalezentzat izan zen.