Jose Felix Solanok taldeko arduradunak jakinarazi digunez, “ez dute arrazoi handirik eman. Baina senior mailan, Asegarcerekin jolastuko duen jokalari bat du, Artola, eta horren ondoriozko erabakia izan daiteke.”
Era honetara, Lasarte-Oriak Herriarteko esku pilotako finalerdietarako txartela lortu du.
Joanekoa irabazita
Hala ere, bidea egina zuen taldeak. Joaneko jardunaldian, Lasarte-Oriak 2 eta 1 irabazi zuen Alegin eta 13 tantoko errenta atera zion arerioari.
Kadete mailako gazteek ezin izan zuten ezer egin Alegiko bikotea nagusi izan baitzen hasieratik.
Jubenil eta seniorrek berriz, haien partidak irabazi zituzten. Jubenilak nagusitasunez, 0-22 eta seniorrek 15-22.
Errenta honi eutsi eta hurrengo faserako txartela lortzeko asmoz ziren Joxe Felix Solanok zuzentzen duen taldeko mutilak. Baina arestian aipatu legez, Alegik ez du partidarik jokatuko.
Orain Donostia izango da finalerdietako arerio.
Joaneko partida Donostian izango da datorren astean, eta itzulerakoa berriz Lasarte-Orian, ziurrenik ekainaren 27an, ostirala. San Pedro festetan bete betean sartuta, partida handietako giroa espero da Michelingo pilotalekuan.
Jose Felix Solano eta Juan Mari Arteagak zuzentzen duten taldeak finalaurrekoak jokatuko ditu historian laugarren aldiz eta behin bakarrik iritsi da finalera, 2002. urtean hain zuzen, 0-3 galdu zuen Hernaniren aurka Atano pilotalekuan jokatutako final gogoangarri batean.