Jesus Zaballos eta Txus Alonso PSE-EEko kideek prentsaurrekoa eman dute arratsaldean. Kiroldegia berritzeko 2010. urtean proiektu bat onartu zutela gogorarazi dute, hori dela eta, ez dute ulertzen zergatik agertu den Udaleko aurrekontu aldizkarian 120.000 euro bideratuko direla konkurtso publiko bitartez proiektu berri bat diseinatzera.
Sozialisten proposamena
Herriko sozialisten planak solairu bat gehitzea aurreikusten du, eta orain daudenak aldatzea.
Hau da, zero solairuan hall eta aldagela berriak egitea proposatzen dute, ahalmen urrikoentzako komunak, langileentzako aldagelak eta solairuetara iristeko eskailera berriak ere bai. Lehen solairuan, besteak beste, administrazio bulego berriak, igerilekuaren kanpoko zatia handitzea eta bide batez aprobetxatzea aurreikusten dute.
Azkenik, bigarren solairua birmoldatu eta 250 metro karratu eta 125 metro karratuko sala bana jartzea dute pentsatuta, bizikletak eta korrika egiteko zintak kalera begira izango lituzkeena. Beste berrikuntza nagusia ezindu fisikoentzat azken solairurainoko igogailua jartzea da.
“Gure proposamenarekin erabiltzaileak ez lirateke kaltetuak suertatuko, izan ere obra fase ezberdinetan egitea aurreikusten dugu kiroldegia guztiz itxi beharrik gabe”, azaldu du Zaballosek, “orain falta den bakarra lanak hasteko finantziazio iturri bat lortzea da”.