Kulturartekotasuna lantzeagatik saria

Txintxarri Aldizkaria 2014ko ekainaren 13a

Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko Burunzpe Guraso elkarteak EHIGE-k, Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak erkidego mailan antolatzen duen Guraso Elkarteen hezkuntza-jarduera onen 4. lehiaketan garaile izan da aurten. Kulturartekotasuna lantzeko egin duten proiektua saritu dute eta elkarteko Oscar Barredo eta Dyan Monterorekin solasaldia izan dugu saria eta kulturartekotasunaren alorrean egiten ari diren lanari buruz.

Burunzpe Guraso elkartean Kulturartekotasun batzordeak urte eta erdi darama lanean. Tarte honetan hainbat jarduera eraman ditu aurrera, kulturartekotasun astea horien artean. Oscar Barredak batzorde honen sorrerari buruz hitz egin digu, “ni duela lau urte sartu nintzen eta aurretik hiru pertsonek bakarrik antolatzen zuten guztia. Nirekin batera hamabost bat guraso sartu ziren eta hasieran egitura sortu genuen kudeaketa egiteko. Ostera, pixkanaka beharren arabera beste batzorde batzuk sortu genituen”.

“Ikastetxean 21 herrialde ezberdinetako haur eta gurasoak zeudela konturatu ginen eta bertakoentzat zaila bada guraso elkartean parte har-tzea, kanpotarrentzat oraindik zailagoa dela. Zailtasun gehiago dituzte baina ikastetxean kolektibo handia zen eta injustizia bat zen haien seme-alaben hezkuntzan ezin parte hartzea”, aipatu du. Kulturartekotasunaren ba-tzordearen helburua “guraso immigranteak edo kultura ezberdina duten gurasoek eskola bizitzan parte hartzea eta zer esana izatea da” azaldu digu.

Oztopoak
Dyan Monterok aipatu duenez, “guk oztopoak aurkitzen ditugu bertan parte hartzeko eta hori gainditzea zaila izaten da. Oscar eta biok futbolean jokatu genuen bitan eta bigarrenean hitz egiten hasi ginen. Orduan sortu ziren ideiak eta beste guztia bakarrik etorri zen”. Oscarrek onartu duenez, “hasieran galdu xamar ginen, Dyan sartu zen guraso elkarteko batzordean eta Kubakoa den beste guraso bat ondoren. Pixkanaka ekintzak antolatzen joan ginen. Guk ekintzak egin nahi genituen baina ez genekien nondik jo”.  Eta Dyanek azaltzen duenez, “beste arazoetako bat hizkuntza da, euskaraz hitz egitea beharrezkoa dela uste dute, baina ez da beharrezkoa euskaraz jakitea, gehienek gazteleraz hitz egiten dugu”.

Ekintzak

Urtean zehar, hainbat ekintza burutu dituztela azaldu digute, gurasoen arteko futbol eta boleibol partidak eta arrakasta handia izan zuen nazioarteko bazkaria.
“Aipatu legez, Sasoeta-Zumaburu ikastetxean herrialde ezberdinetako pertsonak daude eta gastronomian aberatsak eta oparoak dira. Horregatik bakoitzak bere jatorriko plater bat prestatu behar izan zuen, azaldu eta besteekin elkarbanatu.”

Aurten kulturartekotasunaren bigarren jaialdia ospatu dute. “Lan handia egin genuen eta orain fruituak ikusten ari gara. Erantzuna oso ona izan da” . Azken ekintza bat ere antolatu zuten, ekainaren 7an, Altxorraren bila Santa Klara uhartean eta 200 per-tsonek parte hartu zuten honetan. “Ez genuen pentsatzen hainbeste jendek izena emango zuenik, erdia edo espero genituen. Modu ederrean amaitzen dugu ikasturtea,” aipatu du Dyanek. “Irlara doazen ontzietako bat beteko genuen edo ez zen gure kezka. Baina lau izan dira eta garrantzitsuena da atzerritar askok eman dutela izena,” gaineratu du Oscarrek.

Saria
Eta ekimen hauek guztiak sarituak izan dira. EHIGE-k, Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak Guraso Elkarteen hezkuntza-jarduera onen 4. lehiaketan irabazle aukeratu zuen.
Oscarrek azaldu duenez, “saria urtean zehar egin ditugun ekintzetako txosten bati eman diote. Lanak “Kulturarteko barneraketa” izena zuen. Bertan gure helburua ere azaltzen da, beste kulturak ezagutzea, kultur aberastasuna izatea eta batez ere, gurasoei zuzendutako ekintzak egitea”.

Izan ere, azpimarratzen duenez, “haurrek ez dute ezberdintasunik ikusten. Arazoa gurasoek dugu eta hori landu behar da. Herrialde,  kultura ezberdinetako gurasoen arteko harremana ikustea haientzat oso onuragarria eta jarraibide bat da”.

Saria Euskal Eskola publikoaren jaialdian jaso zuen Burunzpe Guraso elkarteak Balmasedan, ekainaren 1ean. “Hasiera ekitaldian izan zen. Hezkuntza, Hizkuntza eta Kultura sailburuak Cristina Uriarteren eskutik jaso genuen saria. Peio Guraso elkarteko lehendakariak, Mirena eta Salma izan ziren elkartearen izenean hitz egin zutenak. Gurasoak eta haurrak oholtzan ikustea oso polita izan zen,” adierazi du Oscarrek. Hala ere, kulturartekotasun batzordeko kideen aburuz, “guretzako sari gehiago da gure ekintzek harrera ona izatea, EHIGE-k, Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak eman digun saria baino”.

Gurasoen inplikazioa
Egun kulturartekotasun batzordean hamaika pertsona daude lanean. “Talde ederra osatu dugu, nazioartekoa kolonbiar, kubatar, marokoar... Baina Guraso elkartean 30-35 per-tsona gaude guztira eta horien artean ere atzerritar gehiago ere badaude”.

Dyanek azaldu digunez, “ekintzen eta egiten ari garen lanaren ondorioz, kanpoko jendea ere pixkanaka anima-tzen ari da eta laguntzen hasi da. Gurasoak batu behar ditugu, bai hemengoak, baita atzerrikoak ere. Eta lanaren fruituetaz gozatu”.

Dyanek gainera, atzerriko gurasoen bitartekari lanak egiten dituela ere onartu du, “haiek ideiak edo kezkak azaldu eta nik Guraso elkartean azaltzen ditut. Batzuk ez baitira elkartean sartzera ausartzen oraindik, lotsatu egiten dira eta ez dira integratzen. Ni ere berdina nintzen”.

“Ulertu behar da batzuk etorri berriak direla, ez dutela inor ezagutzen... Eta imajinatu Kanadara zoazela lanera, bertako guraso elkartean parte hartuko zenuke?,” aipatu du Oscarrek.

Lanean jarraitu
Batzordearen ideia lanean jarraitzea da baina ideiak eta giza baliabideak beharrezkoak direla azpimarratzen dute horretarako. “Ideiak nahi ditugu aurrera egiteko, lanean jarraitzeko eta gauza gehiago burutzeko. Ez da guretzat egiten dugun zerbait, gure haurren etorkizunerako baizik. Eta kanpoko gurasoei gu integratu behar garela esan nahiko nieke,” ohartazi du Dyanek.

Oscarrek giza baliabideak ditu kontuan, “oso kontziente izan behar gara elkarteko baliabideez. Aurten kulturartekotasun astean ekintza pila antolatu genituen eta larri ibili ginen” . 
Horregatik, Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko bertako, zein atzerriko gurasoei dei egiten diete. “Guztiak animatzen ditugu parte hartzera eta ideiak ematera. Hurrengo ikasturtea, indarrez hasi eta ekintzaz betetzeko” .