Rocioko Ama Birginaren omenezko erromeria asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko ekainaren 13a

Herriko Semblante Andaluz elkarteak Rocioko Ama Birginaren omenezko XXI. erromeria antolatu du.

Astelehena izan zen egun handia eta Huelvako herrixkan egoterik izan ez zutenek herrian euren omenalditxoa egingo diote Ama Birginari. Asteburu osoan zehar hamaika ekintzez gozatzeko aukera izango dute Atsobakar parkera gerturatzen diren guztiek. Larunbatean eguerdian emango zaio hasiera festari irekiera ekitaldiarekin. Jarraian, 12:30 aldera, Merche Montes abeslariaren emanaldia izango da. Arratsaldean, 17:00etan, inguruko  Andaluziar etxe ezberdinetako abesbatzen emanaldiaz gozatu ahal izango da. 

Iluntzean, 21:30ean, Semblante Andaluzeko, Amigos del Sur taldearen kontzertua izango da lehenengo jai egunari amaiera borobila emateko.

Meza nagusia
Igandean berriz, 11:30ean meza rozieroa egingo dute Semblanteko lagunek Zumaburuko Arantzazuko Amaren parrokian eta honetan Semblante Rociero taldeak hainbat kanta eskainiko ditu.
Parrokiatik, Ama Birginarekin aterako dira eta Kale Nagusitik, Donostia etorbidea eta Atsobakar parkeraino erromerian eramango dute kanta, musika eta txalo artean. 13:45ean, ohorezko ardoa deiturikoa eskainiko diete agintariei eta ongi etorria emango zaie gonbidatu guztiei. 

Bazkaldu ostean, ekitaldiak hasiko dira berriz. 16:30ean Semblante Andaluz elkarteko taldeen emanaldia izango da baita gonbidatutako inguruko andaluziar etxeetako taldeena ere. Kasu honetan, Embrujo de Irun, Errenteriako Concha Rociera, Andoaingo Triana elkartea, Errenteriako Aljarafe, Arrasateko Al-Andalus eta Andoaingo Zuena elkarteak dira gonbidatuak. 19:30ean, Alegria de la Sierra taldearen emanaldia izango da. 20:30ean Ama Birginaren agurra egingo da Salve Rociera abestuz. Azkenik, asteburu osoko jaia 21:30ean bukatuko da agur ekitaldi batekin. Semblante Andaluzetik  herritarrak Atsobakarrera gerturatzera gonbidatzen ditu baita emanaldiez gozatzera ere. 

Bereziki kanpotik etortzen diren lagunentzat, Urbilen aparkalekua izango dutela aipatu dute Semblante Andaluz elkartekoek.