San Pedro jaiak ate joka

Txintxarri Aldizkaria 2014ko ekainaren 12a

Omenduak Kukuka antzerki eta dantza eskola eta Texas futbol taldea izango dira. Taxio Arrizabalagak, urteetan egin duten lanaren aitortza gisara eta bide horretan jarraitzeko bultzadatxoa eskaintzearren egiten zaiela omenaldia azaldu du. Egitarauari dagokionez, bigantxak ez dira egongo eta Zezen suzkoa gauero izango da herriko kaleetan barrena.

Aurkeztu dute udal ordezkari eta herriko elkarteetako kideek San Pedro jaien egitaraua. Honakoa Jaietan Blai! forotik sortua dela aipatu du Taxio Arrizabalaga zinegotziak. Bileratan 90tik gora proposamen jaso direla aipatu du, “eta gehienei tokitxo bat bilatzen saiatu gara”.

Egitarauean berrikuntza “nabariena eta garrantzitsuena”, festa eredu berri baterantz emandako pausoa da. “Inoiz baino festa herrikoi eta parte hartzaileagoak izango ditugu herriko elkarteen lanari esker”.  
Ttakun elkarte beteranoa da festei dagokienean. Aurtengoan ere, haurrentzako ekitaldiak, zikiro afaria, bertso emanaldia Beñat Gaztelumendi, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Amaia Agirre, Patxi Etxeberria eta Ane Labakarekin, Sorgin Dantza, kantu eta dantza jira, sagardo dastaketa eta erromeria egingo ditu. Sorgin Jaietakoek, egitarau oparoa prestatu dute “umore onez eta ekintzaz betea”.

Kukukak koreografia erakusketa antolatuko du "lehiakortasuna bultzatzen ez duen erakustaldia". Dantza denon eskura dagoen zerbait dela erakutsi eta bultzatu nahian koreografi erakustaldia proposatzen da, partehartzailea, herrikoia eta talde lana bultzatuko duena. "Honetarako ez da esperientziarik behar soilik ondo pasa nahi izatea".

Antolatzaileek, hau da, Kukukako lan taldeak, gai bat proposatzen du, Pelikulak. Talde bakoitzak pelikula bat aukeratu eta nahi duen koreografia erakutsi dezake. Izen ematea egiterako garaian diru kopuru bat kobratu taldeen presentzia bermatzeko . Emanaldi egunean dirua bueltatuko zaie. 15 euro.  Ekainaren 29an, igandean 22:00tan izango da. 12 urtetatik gorakoek eta gutxienez 8 pertsoneko taldeak izan beharko direla iapatu du Kontxu Iartzak.

Bestalde, Beltzakeko kideek melé erraldoi bat egingo dute Michelinen eta ostean, errugbiko 3. denboraz gozatzeko aukera izango da. Aterpeak Sardina Jana egingo du Okendo plazan. Intzakoek, Loidi-Barrengo frontoian pilota partidak izango dituzte igandean eta txapelketako finalak astelehen goizean eta horretaz gain, Emakumezkoen San Pedrotako Pala Txapelketaren lehen edizioa antolatu dute. 

Ostadar eta Dinbi-Bandak astelehen arratsaldean, haur, gazte eta familia guztiarentzat, herri jolas ibiltariak egingo dituzte. Biyak-Bateko jubilatuek txarangarekin batera konpartsa desfilea egingo dute. Virgen de Guadalupe elkarteak berriz, Extremadurako kultura ezagutzera emateko, danbolin jole tradizionalak eta “migak” dastatzeko aukera eskainiko du astelehenean. ASEBAL Errumaniar Elkarteak jaki tipikoak ekarriko ditu ere. Erketzek, festetako egunetatik kanpo bada ere, euren dantzak Okendon eskainiko ditu ekainaren 21ean. 

Kaleko ekintzak
Herritarrek eskatu bezala, ekintza gehienak kalean izatea bilatu du Udalak. Txikienentzat, urteroko haur parkeez edo apar festaz gain, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Ane Piratarekin batera izango dira Andatza plazan astelehen arratsaldean. Hauek Jalgunerekin, “Pausoka Pausoka” dantzatuko dute, bideoa grabatu eta flash-mob erraldoi bat osatzeko.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots Lasarte-Oriako pailazoek, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin Euskal Herrian zehar bueltaka dabiltzala eta San Pedro Jaiak iragartzeko prentsaurrekoan beste Pirritx, Porrotx eta Marimotots izan dira, Jalgune elkarteko sudurgorriak. Eskainiko duten saioa kantuz eta dantzaz osatuko da beti ere, lasarteoriatarrekin batera. Oholtza gainean pailazoekin dantza egin nahi duten kuadrila guztiek eman dezakete izena ekainaren 20a baino lehen KATXIPORRETAko telefonoan (943368404). "Ez dago adin mugarik, ez da ondo dantzatu beharrik ere, edonork parte har dezake, haurrak, gazteak, familiak, adinduak, …. Bi dira betebeharreko baldintzak: ondo pasatzeko gogoa eta kuadrila bakoitza bere blusarekin oholtzaratzea". Aurrez, adierazi dute, kuadrila bakoitzari jakinaraziko zaio zein dantza egin behar duen. 

Horretaz gain, erraldoi eta buruhandiak egunero izango dira eta aurten, gainera, herriko gazteak izango dira hauek eramango dituztenak, “Ostargi konpartsa berria izango baita honen ardura hartuko duena”.
Zezen suzkoak, ostiral, igande eta astelehenean izango dira. Larunbatean Kataluniako Correfoc bat zer den ezagutzeko aukera izango da eta festei amaiera emateko, su artifizialak botako dira Atsobakar parketik. 

Musika taldeei dagokionean, izen azpimarragarrienak, Esne Beltza eta Vendettaren kontzertuak ostiral gauean eta Berri Txarrakena larunbatean. Hala ere, beste hainbat taldek haien ikuskizunak eskainiko dituzte, Boston Jai, Laiotz, Odolaren Mintzoa, Estrikina, Joxpa, Ibai Berriak, London orkestra,…

Omenduak
“Azken urteetan egin moduan, Udalak herriko elkarte edo kolektiboak omentzea erabaki du, urteetan egin duten lanaren aitortza gisara eta bide horretan jarraitzeko bultzadatxo bat eskaintzearren”. Omenduak izango dira Texas futbol taldea bere 50.urteurrenean eta Kukuka antzerki eta dantza eskola antzerkia eta dantza haur zein helduen artean sustatzeko egiten duen lanagatik. Azkenik, San Pedro jaiak iragartzeko kartel lehiaketara aurkeztutako 30 lanen artean, Elena Dominguez lasarteoriatarrarena izan da hautatua eta zinegotziak esker oneko hitzak izan ditu aurkezpenean berarentzat.