Prentsa lokaletik jakin det alkateak epe bat ireki duela herriko elkarteek euren proiektuak eta espazio beharrak aurkeztu ditzaten udalak hutsik dituen lokalen bat eskuratu ahal izateko. Irakurri eta irakurri egin det eta aho zabalik geratu naiz, eta zergatik ez esan, nire onetik ere atera naiz. Izan ere, egun zuzentzen dudan Ogasuna eta Ondareko Departamentuak, zeinaren funtzioen artean udal ondasunaren kudeaketa eta administrazioa dagoen (bere ondasunen permutak, salerosketak, alokairuak, lagapenak, kontzesioak, besteak beste.), ez du horren berririk. Zein lokal eskaini nahi diren ere Departamentu honek gaur egun ez daki, ezta bertan jarduera jakin batzu aurrera eramateko baldintzetan ote dauden ere. Ezer ere ez. Alkateak horrelako deialdiak egiteko eskunduntza izanda ere, iruditzen zait ardugabekeria izugarria dela herritarrak deitzea eskaera bat egin dezaten oraindik horren prozedura eta kudeaketa definitu gabe dagoenean. Nire obligazioa da epea irekitzen zaien elkarte horiei abisatzea, aurten oso zaila izango dela lokal bakar baten lagapena kudeatu ahal izatea, izan ere, zeintzu lokal kudeatuko diren erabakita ez baitago, eta zein egoeratan dauden edota ze esleipen prozedura mota jarriko ote den martxan ez baitago oraindik definituta. Laburbilduz, burugabekeriako kudeaketa baten aurrean gaude non, gainera, “izorratzailearen figura” neroni izango naiz, hain zuzen administrazio garden, zuzen eta zintzo bat aurrera eramaten saiatuko naizelako. Hobe luke alkate jaunak aurrekontuetan onartuta dagoen hori eta gehiengo politikoa duen hori betetzea: Ekintzaile gazteei lagatuko zaizkien Euskaltegi zaharreko bulegoen berritze lanak martxan jartzea hain zuzen ere.Hobe luke ere bai, hiru urtez alokairuan atera ezinik dauden Okendoko 100dik gorako garajeen inguruan dagoen korapilo juridikoa lehenbailehen askatzea. Dena dela, alkate jauna, eskertuko nizuke demagogia alde batetara uztea. Partaidetza eraikitzailea nahi baduzu, ez zaitez saiatu ezer inposatzen, eta aldiz gainontzeko alderdiekin adostasunetara iristen ahalegindu zaitez eta, jakina, inplikatuta dauden departamentuak eta teknikariak aurrez kontsultatu zure kaxa erabakirik hartu baino lehen.
Estitxu Alkorta (EAJko bozeramailea eta Ogasuna eta Ondareko batzordeburua)