Buruntzaldea IKT-ko igerilariak primeran

Txintxarri Aldizkaria 2014ko ekainaren 9a

Buruntzalde IKT-ko igerilariak Euskadiko XXXIII Eskolarteko Kirol jokoak eta VIII Richard Oribe Saria lehiatu dira aste hauetan. Dominak, marka pertsonalak eta Euskal Herriko txapelketarako gutxieneko markak egin dituzte.

Euskadiko Eskolarteko kirol jokoetan maiatzaren 24an, Irati Arzalluz, Jon Soto, Jon Ibargoyen eta Beñat Alkorta Gasteizen izan ziren Gipuzkoako Selekzioarekin. Hauek urre bat, hiru zilar eta lau marka pertsonal  egin zituzten.

Borja Apeztegia entrenatzaileak aipatu zigunez, oso txukun aritu ziren gure taldekideak. Irati Arzalluzek zilarra eskuratu zuen 100 m. estiloak proban eta 100 m. bular proban laugarren izan zen.
Beñat Alkortak 100 m. estiloetan hartu zuen parte eta marka pertsonala egin eta zilarra eskuratu zuen.

Jon Ibargoyenek, besteek baina froga gehiago izan zituen 4x100 m. libre errelebuan ere parte hartu zuelako. Bere froga indibidualetan marka pertsonalak egin zituen. 200 m. libren seigarren izan zen bere marka 5 segundotan hobetuz. 100 m. libre proban ere bere marka segundo batean hobetu eta zilarra eskuratu zuen. Errelebuan Gipuzkoako taldearekin lehen postua eskuratu zuen. Jon Sotok goizeko jardunaldian bakarrik hartu zuen parte gaixotu zelako. 100 m. bular proban zazpigarren izan zen bere marka pertsonala hobetuz.

Richar Oribe saria
Bestalde, maiatzaren 31ean, errendimenduko ibilbideko igerilariak Paco Yoldin izan ziren VIII Richard Oribe Sarian parte har-tzen. Borja Apeztegiaren mutilek marka pertsonal ugari hobetu eta Euskal Herriko Txapelketarako zenbait gutxieneko berri lortu zituzten.

Mikel Esnalek 50 m. bular proban marka pertsonala egin zuen. Haitz Mitxelenak, berriz, 100 m. libre eta 50 m. bular probako marka pertsonalak hobetu zituen. 100 m. libreko markarekin gainera, Euskal Herriko Txapelketan 4x100 m. libre erreleboan parte hartzeko gutxienekoa lortu zuen taldeak.

Naiara Lizasok 50 m. bular proban marka pertsonala lortu zuen, baita Jone Vazquez-ek ere.Garazi Alkortak 100 m. libre proban marka pertsonala lortu zuen, baita 400 libreetan ere. Azken honetan gainera, 200 m.-tako pasean bere marka ere hobetzea lortu.

Infantil mailan, Nahia Jie Villamedianak 4 marka pertsonal lortu zituen; 200 m. estiloetan, 50 m. bizkar proban, 400 m. libre proban eta honetan 200 m.-tako pasean. Nahia Jiek lau probetarako Euskal Herriko Txapelketarako gutxieneko markak lortu zituen.

Nora Irazusta hiru probetan lehiatu zen eta guztira bost marka pertsonal egin zituen, 100 m. libreetan, 200 m. bizkar proban eta 100 m.-tako pasean eta 400 m. libreetan eta 200 m.-etako pasean. Norak ere Euskal Herriko Txapelketarako gutxieneko markak lortu zituen 100 m. libre eta 400 m. libre probetarako. Janire Berasartek bi marka pertsonal hobetu zituen; bata 50 m. bular proban eta bestea 400 m. libreetan.

Jon Sotok 100 m. libreetan, 400 m. libreetan eta 50 m. bular probetan lortu zituen marka berriak. Horretaz gain, 400 m. libre probako 200 m.-etako pasean ere marka pertsonala egin zuen. Jon Ibargoyen proba berdinetan aritu zen eta honek ere guztietan marka pertsonalak lortu zituen, baita 400 m. libre probako 200 m.-etako pasean ere. Azkenik, Beñat Alkortak 200 m. estiloetan 50 m. bizkar proban eta 400 m. libreetan egin zituen marka pertsonalak.