Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko Gure Esku Dago egitasmoak bultzatutako giza katearen arrakasta erabatekoa izan da. Hasieran, 50.000 lagun lotzea zuten helburu Iruñea eta Durango arteko 123 kilometroak betetzeko. Gaur ordea, 150.000 pertsonatik gora izan dira ibilbidean.
Lasarte-Oriari 89.kilometroa betetzea egokitzen zitzaion eta herritarrek ez dute hutsik egin. Antolakuntzak aurreikusitako kopurua ere gainditu egin da 950 herritarrekin. Saldutako metroak 732 izan zirela aipatu dute herriko antolakuntza lantaldean aritutako kideek. Eguraldia lagun, herritar gehiago animatu dira Uharte-Arakilera gerturatu eta erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katean parte hartzera.
Lasarte-Oriatik zortzi autobus atera dira goizeko 9etan Hipodromotik. Jendea puntual iritsi da hitzordura motxila, txano, eguzkitako krema, aulki, nebera… ondo prestatuta. Eta eskerrak izan ere, eguzkipean ordu luzeak igaro behar izan dira.
Autobusa Uharte-Arakilen utzi eta kilometroa osatu baino lehen, hamaiketako erraldoia egiteko aukera izan da. Antolakuntzatik sagardoa eta freskagarriak eraman dira eta txistularien doinuez lagunduta, festa giroari hasiera eman zaio. Hamaikak aldera, dena prestatzen hasteko garaia heldu da. Bi taldetan banatuta, kilometroa osatzera ekin zaio. Antolakuntzako kideak txirringak eraman dituzte kilometroan gora eta behera ibiltzeko. Hauek ziurtatu dute eguerdia baino lehen, ibilbidean hutsunerik ez zela uzten.
Eguerdirako, eskutik helduta zeuden herritarrak. Adarraren doinuak eman dio hasiera giza kateari eta jai giroan, ikurrinak astinduta eta umore onez, igaro da ordu erdia. Amaitzean, pixkanaka eta berriz musikaz lagunduta, autobusetara buelta eta Etxarri-Aranatzera abiatu dira herritarrak.
Autobus ilara luzeak sortu dira Etxarriko sarreran baina azkenean ekitaldi nagusira iritsi dira lasarteoriatarrak ere. Ostean, batzuek etxerako bidea hartu dute eta besteek, parranda arratsaldeko zazpirak arte luzatu ahal izan dute.
Etxera bueltan, egindakoa denbora luzean gogoratzekoa izango dela aipatu dute bertaratutakoek, “historikoa” izan dela.
Bidali Argazkiak
Bilduma osatu dugu gure argazkiekin hala ere, hau handitu nahi dugu beraz, animatu eta bidali zuen argazkiak txintxarri@txintxarri.info helbidera, sare sozialen bidez edota Txintxarriko Argazkiak ataletik.