Golf klubean, sagardotegietan, baserrietan... Lasarte-Orian hainbat bolatoki zeuden antzinean eta zaletasun handia zegoen. Honen seinale prentsa eta liburuetan aurkitu dugun aipamena da. Sasueta-Txiki baserrian 1934. urtean, “Lasarte Oria'ko lehengo bola txapel-tza” burutu zen. Honetan herriko bolariek bakarrik parte hartu ahal zuten. Egun, bolatoki bakarra dago herrian kirol gunean eta gutxi batzuk dira ohiturari jarraikiz igandeetan bolatokira hurbiltzen direnak. Inaxio Otaegi eta Joxe Zapirain bolariekin bildu gara haien oroitzapen eta bola-jokoaren etorkizunaz mintzatzera.
Biak gazteak ziren bola lehenengoz jaurti zutenean. “Baserrikoa naiz. Orduan, ondoko baserrian nire adineko mutil bat bazan eta bolatokia nolabait moldatzen zen. Edozein baserritan zeuden bola eta brilak. Jubenil mailan ginela, taldetxo bat batu eta Michelinen txapelketa batean parte hartu genuen,” aipatu du Inaxiok.
Zapianek, berriz, “Errekalden bazeuden anai batzuk bolatan ibiltzen zirenak Esnaolatarrak eta hamabost urterekin, anaietako batek Hernanira eraman ninduen Gipuzkoako txapelketa jokatzera, 15 urte nituen. Añorgako lagun batekin joan nintzen eta azken bigarren geratu ginen.”
Bolatokiak murriztu
Biek gogora ekartzen dituzte sagardotegietan zeuden bolatokiak, baita Michelin fabrika ondoan zegoena ere. “Aste Santu inguruan, sagardoa saltzen jartzen zen baserrietan eta bolatokia prestatzen zen, toka ere. Jokatzen zen eta gero basokadak edaten ziren”. “Horrelako azkenetarikoa Goiegikoa zen. Hipodromoan ere beste bat bazegoen,” aipatu du Zapirainek. “Azkorten ere bazegoen. Ia urte batzuk kendu zuten, Elorriko beheko baserrian zegoena,” gehitu du Inaxiok. Baina egun, Lasarte-Oriaren antzera Gipuzkoan herri gehienetan bat gutxienez dagoela aipatu dute.
Bolari onenetarikoak
Garai haietan Michelinen izenean parte hartzen zen, Zubietan Joko Garbi elkartea zegoen eta beste herrietan elkarteak izaten zituzten taldeak. Zapirainek Michelinek lehen talde ederra zuela aipatu digu, “Lasarte-Oriako bolaririk hoberenak ziren Regino Iraola, Ramon Rezola, Manuel Ollokiegi, Julian Etxabe, Iturbe, azkeneko ona Furundarena. Orduan baziren. Eta Gipuzkoan onenetarikoak ziren Ollokiegi eta Rezola”. “Saltzateko hiru anai ere ibiltzen ziren Elizegitarrak eta Gipuzkoan, Goierri aldean, ere Ugarteburutarrak ziren famatuak,” gaineratu du Otaegik.
Apustuak
Bola-jokoan beste hainbat jokoetan bezala, apustuak eta desafioak zeuden. “Lehen tiratzen ari zela ere dirua jokatzen zen. Batek bola jaurti eta norbaitek esaten zuen bost baietz, ezetz... orduan apustuak zeuden,” aipatu du Otaegik eta erronkak ere egon ziren bere hitzetan, “kontatzen dutenez, Martzial Ugarteburu eta Esnaolak egin zuten bat. Oso apustu fuertea izan omen zen”. Gaur egun hori guztia galdu dela azpimarratu du Zapirainek, “orain bat ere ez. Xarma hori galdu du”.
Eta honen harira, Zapirainek Klaudio Esnaolak egindako balentria aipatzen du, “bederatzi birla botatzen ikusi dudan bakarra. Hori txurro bat izan zen”. “Zortea da. Zortzi eta bederatzi botatzea oso zaila da.”
Etorkizuna
Baina garai horiek joan dira eta bolari gutxi daudela ere diote. Lehen zaletasun gehiago zegoela eta txapelketetan 100etik gora parte hartzaile zirela. Egun, Otaegik aipatu legez, “taldeetan 10 kidek parte hartu dugu, aurten 60 eta libre bota zutenak kontuan izanik 65. Binakakoan eta azken igandeetan 40 inguru ibili gara”.
Hemen bola-jokoak gazteen artean indarrik ez duela adierazi digute. Goierri aldean, berriz, “momentu honetan jende asko hasi da Gabirin. Seguran ere bolari onak daude. Eremu honetan Urnietakoak dabiltza ondo. Talde ona dago”.
Ostadar SKT-ko taldeak hau sustatzeko ahaleginak egin baditu ere, egun ez dago gazteen talderik herrian. “Iturbe edo Etxaberekin ibili ziren gazteak badaude eta ongi ibiltzen direnak, baina...”
Otaegik jakitera eman duenez, “orain federazioan sartu direnak, gazte jendeak batetik bestera eraman daitekeen bolatoki portatila prestatu dute eta horrekin jaietan dagoen herri batera edo eskoletara doaz. Ordu beteko saioak edo egiteko.”
Era berean, herritarrak animatzen dituzte bolan jokatzera. “norbait interesatua egongo balitz, lehen bolari izandakoa edo bestela niri esatea dute. Jubilatu bat ere ibili daiteke. Nirie kasuan, ez det uste kalterik egiten didanik,” aipatu du Otaegik. Larunbatean izango den txapelketara hurbiltzera ere gonbidatzen dituzte herritarrak.