Autodeterminazioa

Jexux Artetxe 2014ko ekainaren 6a

Iraganeko herria ginela geroak esan ez zezan, hats bizigarria eten gabe eman diezaiogula eskatu zigun Orixe zenak. Atsedenik gabeko patua, alajainkoa! Txikien artean ere txikia izanik, arerioek prestatutako azpijoko, eraso eta desafioak nola edo hala ekidin edo gaindituz, aurrerabidea aurkitzea. Mendeetan zehar, egoerarik larrienean ere hartu dugun jarrera tinkoa eta zuhurra baino hobeagorik ez dago gure herri izaera adierazi eta bereizteko. Halaxe da, jaio ginenetik biziarena ohi dugu auzi nagusiena. Auzi iraunkorra, txanpona airera bota gabe ebatzi izan duguna. Horregatik, aurrerantzean ere, une eta ekitaldi bakar batean erabaki ezin den auzia. 
Lehengo asteko ostegunean Legebiltzarrak egin zuen bileraren harira dator aurretik esandako guztia. Bertan, eusko legegileek 1990ean aitortutako autodeterminazio eskubidea berretsi dute. Neretzat, orduko erabaki hura autogobernuan sakontzeko eman beharreko urratsen adierazpide egokia litzateke orain ere. Gure buruaren jabe izateko eskukotasuna geurea dela azaltzeaz gain, arian-arian, egunean-egunean egindako herri-hautuen arabera, gauzatzen den jardunbidea ere badela agertzen zuen aipatu ebazpenak. 
Konstituzioa arbuiatu bagenuen ere, Gernikako estatutuaren bitartez arnasberritu ahal izan genituen gure herriaren birika makalduak. Alde bik hitzartutakoa izaki, 1990ko erresoluzioaren mamiari bagagozkio, garaiko baldintzen araberakoa izan zen estatutuaren onarpena. Hala ere, prozesu ireki baten hasiera bezala har zitekeen, eskubide historikoez baliatzea bideratu eta herriaren nahimenaren moldera aurrera egiteko bidea zabaltzen zuelarik. Hortxe iragana, oraina eta geroa uztarturik, gure nazioaren jarraikortasun politikoa gizakideen eskura jarriz. Egun, beharko litzatekeen bat etortze politiko eta soziala lortu eta gero, aurrera egiteko tenorea dela ikusiko balitz, abiapuntu sendotik irten gaitezke. Ordutik hona bitarte egindako lanak ongi egin direlako, hain justu ere.