Datorren astean bira berezia egingo dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek. Honetan Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Donostiako orfeoi txikiko kideen laguntza izango dute pailazoek. Abuela Maria Luisa abestian, Zambra eta Kukukako 6 kideen dantza ikusi ahal izango da. Lasarte-Oriako bi taldeek elkarlanean sevillana eta euskal dantza tradizonala uztartzen duen koreografia prestatu dute.
Honetan lanean aritu dire Maider Oiartzabal eta Mari Carmen Vegas eta hauek azaldu bezala,"ez da lan erraza izan baina oso pozik gaude azken emaitzarekin”.
Ekainaren 13an Gasteizen Principal antzokian, 14ean Bilbon Euskaldunan, Iruñean Baluarten izango dira 18an eta 20ean Donostian, Kursaalean bi saio egingo dituztela aipatu du Joxe Mari Agirretxek.
Jon Maia abestiak izandako ibilbidearekin oso pozik dago. Pailazoek eskatu zioten bertsolariari abestia. Maiak 1997ko bertsolari txapelketan Zamora eta Extremadurako familiari eskaini zion agurra, Rio Mundo eleberrian familiaren historia jaso zuen. "Abestia idazteko eskatu zidatenean, abuela Maria Luisari bere hiletan kantatutako bertsoak nituen, gazteleraz neuzkan eta horiek oinarri hartuta, idatzi nuen, abuela Caceresekoa zen eta ez sevillakoa baina tira".
Abestiak ibilbide luzea izan duela aipatu du bertsolariak, "jende asko etorri zait kanta gustatu zaiela esatea, identifikatuta sentitu direla. Euskal Herrian milaka umek dituzte abuelo eta abuela.
Normalizaziorako balio izan du abestiak. Herriko dantza taldeek pailazoekin egindako elkarlan hau, urteetan bereiziak egon diren komunitateak elkartzeko” balio dutela aipatu du. Porrotx eta Marimototsek bira honen arrazoia zein izan den aipatu dute, "lankidetza pailazoen 25. urteurrena ospatzeko atera genuen diskatik dator".
Pailazoentzat ez da Zambrarekin lehenengo esperientzia izan, "Oreretan dantzan atera ziren gurekin eta hortik esperientzia errepikatu beharra ikusi genuen". Aukera oraingo bira berezi honetan ikusi dute pailazoek. Kukukako Maider Oiartzabal arduratu da koreografia prestatzeaz eta dantza ederra atera dela aurreratu dute. Herriko bi taldeek lehenengo aldiz prestatu dute dantza bat elkarrekin eta esperientzia polita izan dela esan dute. Oiartzabalek aipatu du "Lasarte-Orian dagoen kultura aniztasunaren adierazle bat gehiago da hau. Dantzaren egunean Kukukarekin batera beste dantza talde batzuk parte hartu zuten eta hortik harreman berriak sortu dira".
Donostia eta Iruñearako oraindik sarrerak badaudela aipatu dute baina Gasteiz eta Bilbon agortu dira.